Pertsona migratuen nazioarteko egunean manifestazioa egingo dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 14:07

Arrazakeriaren aurka Gasteizen egindako mobilizazioa. Argazkia: ALEA

"Auzokideak gara, auzoa eraikitzen dugu" lelopean manifestazioa deitu dute abenduaren 18an, asteazken honetarako.

Gasteizen arrazakeria, errefuxiatuak eta migrazioa lantzen dituzten hainbat elkartek mobilizazio bateratua deitu dute asteazkenerako, pertsona migratuen nazioarteko egunaren harira. Europako gorroto diskurtsoen gorakadaz kezkatuta, "boteretsuei" egotzi diete eskuin muturreko diskurtsoak hauspotzea, pertsonen bizi baldintzak kaltetzen aritu diren bitartean azken hamarkadetan zehar.

"Eliteen pribilegioak zalantzan jarriko lituzkeen altxamendu baten beldurrez", pertsona migratu eta arrazializatuei leporatzen zaizkie gizartearen gaitz guztiak, antolatzaileek azaldu dutenez. Gizartean zabaltzen ari diren gezurrak salatu dituzte, "jendea konbentzitzeko soldatak, pentsioak eta gizarte zerbitzuak txarrak badira ez dela enpresari esplotatzaileen errua, baizik eta enplegua lapurtzen duten migratzaileena". Diotenez, "gezur hauek mila aldiz errepikatzeak" eragina du auzoetan, kalte egiten dio elkarbizitzari, eta arazoen aurrean "erantzun bateratua" emateko aukerak suntsitzen ditu.

Antolatzaileek salatu dute Europa gotorleku "errepresibo eta faxista" bilakatzen ari direla agintariak. Horren aurrean antolatzea eta protestan irtetea erabaki dute deitzaileek. Gasteiz Antirrazista, Tinkuy migratzaileen kolektiboa, Amnesty International, Bachue kolektiboa, Zehar errefuxiatuekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak batu dira, asteazken honetan manifestazioa antolatzeko. Abenduaren 18an, 19:00etan, Ziudadela plazatik abiatuta, Gasteizko aniztasuna aldarrikatuko dute, eta arrazakeriaren aurka egin, "auzokideak gara, auzoa eraikitzen dugu" lelopean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago