2.500 lagunek parte hartuko dute urteko azken lasterketan

Erredakzioa 2024ko abe. 13a, 15:10

5,9 kilometroko ibilbidea egingo du San Silvestre lasterketak. Argazkia: ALEA

Gasteizko San Silvestre lasterketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 16tik 28ra bitarte eman beharko dute izena.

Aurtengo Gasteizko San Silvestre lasterketan, abenduaren 31n, 2.500 lagunek hartuko dute parte. 12:30etik aurrera, joan den urtean bezala, 5,9 kilometroko ibilbidea egingo du. Gasteizko erdigunea zeharkatuko du, baina irteera eta helmuga Mendizabalako aparkalekuan egongo dira.

Beste behin, Mendizabalako aparkalekutik abiatuko da. Ondoren, korrikalariek Lasarteko Atea, Elvira Zulueta, Gaztelako Atea, Ramon y Cajal, Manuel Iradier, Dato, San Prudentzio, San Antonio eta Florida kaleak gurutzatuko dituzte eta Ramon y Cajal kaletik itzuliko dira berriro ere, Micaela Portillara. Handik, Gasteiz Hiribidea gurutzatuko dute Tomas Zumarraga Dohatsua kaleraino, eta puntu horretan buelta emango dute Gasteiz Hiribidetik Mendizabalako helmugara iristeko.

Lasterketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 16tik 28ra bitarte eman beharko dute izena lasterketaren webgunean. Izen-emateen prezioa 5 eurokoa izango da helduentzat, eta 2 eurokoa txikienentzat; bildutako diruaren zati bat Minbiziaren aurkako Arabako elkartera bideratuko da.

Guztira, helduentzat 2.500 dortsal egongo dira, eta lasterketa txikirako 800. Txikien lasterketa 11:45ean egingo dute eta hura ere Mendizabalako aparkalekutik abiatuko da. Dortsal-bilketa abenduaren 29 eta 30ean eginog da Beti Jai pilotalekuetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago