Ander Solozabal

"Ez diogu geure buruari akatsik egiten uzten"

Jon Hidalgo 2024ko abe. 14a, 11:00

Abenduaren 19an aurkeztuko du disko berria Solozabalek, Ttipia tabernan. Argazkia: Jon Hidalgo.

Bakarkako lehen diskoa argitaratu berri du Ander Solozabal Kortabarriak (Gasteiz, 1991), Solo izenarekin sinatua: '(H)ertzetan beltz'. Orbain kultur elkartean hartu gaitu, lanaz hitz egiteko.

Bidelapurrak, Iramo eta Harakin taldeetan dabil egun Ander Solozabal, eta azken urteetan egindako lana "kondentsatu" du aurten. Urte hasieran atera zuten Harakinen lehen lana, eta azaroan hiru disko argitaratu ditu,  Bidelapurraken hirugarrena,  Iramoren LPa, eta bakarkako lan freskoa.

Nondik etorri zaizu bakarka diskoa ateratzeko beharra, beste hainbeste proiektu edukita?

Nire sortzeko modua izaten da instrumentu bat jo eta kantatzea, zirriborroa egiteko, eta gustatzen zaizkidan ideiak mugikorrean grabatzen ditut, beste proiekturen baterako edo balio dezaketenak. Halako batean hasi nintzen mugikorrean begira, eta konturatu nintzen bederatzi bat abesti bazeudela, eta ez banituen aitzakiaren batekin elkartzen ez zirela inoiz aterako. Gainera, aspalditik nuen gogoa joateko Miren [Narbaiza] eta Joseba [Baleztena] bisitatzera, haien Gakobeltz Hit Faktoriara. Hortik dator, beharretik baino gehiago, nahitik. Etxean itxi gintuztenean gitarrak ez neuzkan eskura, eta teklatu digital batekin bakarrik gelditu nintzen. Ordu asko pasa ditut horrekin jolasten. Bakardadea ere nahi nuen adierazi. Nire abizenaren lehen partea da Solo, hori hartu eta gehiegi pentsatu gabe joan nintzen irailean Durako estudiora.

Nolakoa izan da prozesua?

Ideia batzuk nituen, baina testuak ere aldatu nahi nizkien, eta horregatik Joseba eta Mireni ez nien bidali gauza handirik aurrez, sormen prozesua irekita eraman nuen. Ideia edo atomoa bazegoen arren, estudioan bertan atera ziren moldaketa batzuk. Beste proiektu batzuetan ez bezala, Miren eta Josebak ematen zidaten konfiantzagatik, eta emaitzarekiko espektatibarik ez nuenez, utzi nintzen eramaten. Nik pianoa jo dut, eta abestu, entzuten diren beste instrumentu guztiak haiek jo dituzte.

"Entzuten dena da, ez dauka artifizio gehiegirik, inperfekzioei espazioa utzita"

Nolakoa izan da bakarrik egotea proiektuan?

Ezberdina da erabakiak taldean hartzea, edo bakarrik, intimitatean, inorekin partekatu gabe. Bakarrik egin behar duzunean, ardura guztia dago zure gain, gastu guztiak ere bai, eta prozesu intimoagoa da. Esan dezaket lana gordinagoa dela, eta horri garrantzia eman nahi izan diot. Grabatzerako orduan ere erabaki dugu instrumentu gehiago ez sartzea, gustatzen zitzaidalako soiltasun hori, ematen zidana nire etxean piano batek. Gitarrak ez dituen frekuentzia grabeagoak ditu pianoak, eta horrek eman dit ausardia bakarrik joateko, espektro zabalagoa ematen zidalako.

Soinu gordina, hutsa egitea aukeratu duzu. Zergatik?

Ikusarazi nahi izan dut dena ez dugula zertan hain betea egin, hain perfektua. Beste erritmo batean egin daitezke, lasaiago, baina aldi berean osotasuna eman gordintasun horretatik, eta goxotasuna. Gauzak esan, gauza gehiegirekin bete gabe. Esan eta punto, gauzak diren bezala, apaingarri gehiegirik gabe. Badaude batzuk, baina nahiko bat-batekoa izan da prozesua. Oso erritmo onean egin dugu lan. Joseba eta Mirenekin zazpi bat egun egon ginen guztira, eta beste egun batean masterizatu nuen. Entzuten dena da, ez dauka artifizio gehiegirik, inperfekzioei espazioa utzita, desafinatze txikiei eta. Horrela pertsonifikatzen da, bestela dena da hain perfektua, makina batek egiten du guztia, kolpe guztiak berdinak dira. Ez diogu geure buruari akatsik egiten uzten.

Solo izenarekin sinatua, bakarkako lehen diskoa aurkeztu du Ander Solozabalek.  Argazkia: J. baleztena

Pianoa ez da berez zure musika tresna. Zalantzarik sortu dizu?

Ez, gustura nago. Aspaldi ikasi nuen ez diodala inori ezer zor, ez bada nire buruari. Eta uste dut hori zintzoa dela, ez noa inori gezurrik esatera, jotzen dut hor entzuten dena. Baina ez dut frogatu beharrik bat-batean jotzen dudanik super ondo pianoa, ez da nire instrumentua, eta ez daukat anbizio hori. Ez dut jaso klaserik, nire kabuz ikasi dut, baina pianoak ibilgailu polit bat ematen dit musika egiteko. Uste dut atmosferan igartzen dela, aurrera jotzeko grina, gauzak egitekoa. Topatzearena soiltasunean zoriontasuna. Batzuetan hori da bizitza, ez dugu gehiegi behar.

"Nire kabuz ikasi dut, baina pianoak ibilgailu polit bat ematen dit musika egiteko"

Zer aurkituko dugu diskoan? Zer nabarmenduko zenuke?

Ez gara inoiz izan oso esplizituak, bidea nahiko irekita uzten dugu. Esango nuke denetik dagoela. Maitasun propioa bai, nahiz eta desamodioa egon daitekeen beste abesti batzuetan. Txanponaren bi aldeak ahalegindu naiz irudikatzen, ez naiz topikoaren bila joan. Horregatik gordintasuna, edo garraztasuna. Agian publiko aurrean aitortzen zailagoak diren gaiak ere ukitu ditut. Gero Joseba eta Mirenen magia ere badago, hori ukaezina da. Lehenengo pianoa grabatu nuen, gero ahotsa, eta gero horren ostean moldaketak sartu dituzte. Bat aipatzearren, asko gustatu zait nola aldatu den Gure ezaugarri abestia, nire hasierako asmoetatik gaur egun entzuten denera. Aldatuta dago, bateria sartuta eta abar, eta nik uste dut oso txukun gelditu dela. Miren eta Josebak diote hau dela diskoaren hit-a. Ba hori, paisaia ezberdinak daude diskoan.

Diskoaren aurkezpena duzu laster.

Bai, abenduaren 19an, Ttipia tabernan, Gasteizen. Momentuz besterik ez. Diskoa, oraingoz, Lorategi, Kandela, Hala Bedi, Txapelarri eta Parral tabernetan eskuratu daiteke. Eta orain zuzenekoa prestatzen nabil. Exijenteagoa da bakarrik jotzea, beste norbaitekin baino. Bateria eta baxu batekin bazoaz, abestiaren erritmoa eta hezurdura markatuta daude, eta hor gainetik gauzak sartzea da kontua. Baina, bakarrik joanda, nire hamar atzamarren menpe dago guztia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago