Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak batuko dira larunbatean Gasteizen

Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 18:09

Inmersiones 2024 jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: Inmersiones

'Agur eta Ciao' izenarekin egun osoko egitaraua antolatu dute Zas Kultur espazioan. Euskal Herriko artista berrien XVII. biltzarra izango da bertan.

Aurten bat egin dute Donostian egin ohi den Feministaldiak, kultura feministaren jaialdiak, eta Inmersiones jaialdiak, artista berrien biltzarrak. Inmersionesen XVII. biltzarrean, Feministaldian aritutako hainbat artista arituko dira aurkezle edo hizlari, larunbat honetan Gasteizen, Zas Kultur espazioan.

Bi jaialdien arteko aliantza eman da aurten, zubiak eraikiz, eta Gasteizen izango dira Mirari Echavarri, Las Nenas edo Luz Broto. Azken hau izango da Gasteizko agur eta ciao jaialdiaren aurkezlea, azaro amaieran Donostiako feministaldian esku hartzea egin ostean.

Goizeko 11:00etan emango diote hasiera egunari, Las Nenasen eskutik, eta hogei minuturo artista berri batek egingo du bere hitzaldi, ekintza edo proposamenaren aurkezpena. Eguerdian bazkari herrikoia izango dute, eta bertso saio batek lagunduko du giroa, Izar Mendiguren eta Itxaso Paiaren laguntzaz. Agurrak izango dituzte kantagai, hasierakoak, amaierakoak eta burura datozkien bestelakoak ere bai.

Arratsaldean, 16:30etatik aurrera aurkezpenekin jarraituko dute, eta 19:00ak arte iraungo dute. Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren ikuskizuna eta Luz Brotorena izango dira arratsaldeko azkenak. Ondoren, 20:00etatik aurrera Baratza aretoaren urteurrenaren ospakizunarekin bat egingo dute.

Erakusketak ere izango dira agur eta ciao jaialdian. Inmersiones eta Feministaldia jaialdietako kartel historikoen erakusketa izango da, batetik, eta hiru artistaren lanak ere egongo dira ikusgai. Yun Ping Li-ren Educacciones 2024 (Hezkintza 2024, ALEAren itzulpena) lanaren emaitzak ikusi ahal izango dira, Andrea Ganuzaren ilustrazioak eta Maider Jimenezen argazkiekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago