Olentzero eta Mari Domingik ez dituzte erdiguneko haurrak soilik alaituko. Udalaren deialdi ofizialez gain, auzoz auzo ere ari dira antolatzen bikotearen bisitaldiak. Desfile nagusia abenduaren 24an abiatuko da, 18:00etan Iparralde gizarte etxetik.
Lehenago, baina, ostegunetik aurrera ibiliko dira Gasteizen bueltaka, hainbat auzotan zehar, eta bidelagun izango dituzte musika eta haurren eskutitzak. Hauek dira orain arte baieztatutako geldialdiak:
Abenduak 19 Osteguna
Ariznabarra
Ariznabarra izango da Mari Domingi eta Olentzerok bisitatuko duten lehen auzoa. Ostegunean, 17:30ean irtengo dira kalejiran etxe urdinetik, auzo elkartearen egoitzatik, Ariznabarra 27 kalean. Auzoko kale ugaritatik ibiliko dira bueltaka.
Abenduak 20 Ostirala
Arana
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera kalejira izango da Aranako auzoan, gizarte etxean hasi eta amaituko dena. Gabon kantak, txaranga eta bestelakoak izango dira bertan. 19:00etatik aurrera, berriz, haurrek Mari Domingi eta Olentzerorekin hitz egiteko aukera izango dute gizarte etxeko aretoan, txokolate eta bizkotxo meriendaz lagunduta. Elikagai Bankuarekin elkartasun kanpainaren barruan, galkorrak ez diren janarien kilo 1 ematea iradokitzen da, baina ez da beharrezkoa ekintzan parte hartzeko.
Zaramaga
Olentzero eta Mari Domingik Zaramaga auzoko Bizan egoitzari bisita egingo diote 18:00etan.
Lakua-Arriaga
Arriagako gizarte etxean hasiko da festa ostiralean, 17:00etatik aurrera. Kalejira batekin egingo diete agurra Olentzero eta Mari Domingiri, eta 18:00etatik 19:30ak arte izango dute aukera txikiek biekin hitz egiteko. DJ Kaktusen musikak jarriko du giroa 18:30etik 20:00ak arte.
Euro bat ordaindu beharko da parte hartzeko, eta eskuragarri daude jadanik, abenduaren 20ra arte, gizarte etxe eta kirol instalazioetan, frontoietan izan ezik. Bakoitzak gehienez bost sarrera erosi ahal izango ditu.
Salburua
Salburuako bisitak berezitasuna izango du aurten, Olentzero eta Mari Domingiz gain galtzagorriak ere ibiliko direlako haiekin batera Salburuako kaleetan zehar. 17:30ean hasiko dute kalejira bat Salburuako parkearen sarreran dauden hizki erraldoietan, eta handik Ekialdeko parkera joango dira. Han izango dute aukera haurrek argazkiak egin eta beren eskutitzak emateko, eta 18:00ak aldera txokolatea banatuko dute.
Abenduak 23 Astelehena
Errota
Kutxa plazatik abiatuko dira Mari Domingi eta Olentzero kalejiran, eta 17:30etik aurrera auzoko kaleak zeharkatuko dituzte. Gaztainak banatuko dituzte Errotako auzo elkarteko kideek, eta Ane Gebara ipuin kontalariak gabonetako istorioak kontatuko dizkie txikiei. Tailerrak, dantza eta ikuskizunak egongo dira Errotan 23an.
Zabalgana
Astelehenean hau ere, arratsaldeko 5etan kalejira irtengo da Zabalganako parketik, Zuazoko Atearen ingurutik, eta Zabalgana institututik igaro ostean, gizarte etxean geldituko da. Ohorezko aurreskua dantzatuko diote bertan Mulixka Dantza Taldeko kideek, eta Zabalgana eskolara jarraituko du kalejirak. Amaieran txokolatada egongo da, eta Olentzero eta Mari Domingiri eskutitzak emateko aukera izango dute haurrek. Arabako Taloak ere izango dira bertan, eta Zabalgana eskolako kideek antolatutako zozketa.
Ibaiondo
17:30ean Ibaiondoko gizarte etxeko sarreran agur orokorra egingo dute Olentzero eta Mari Domingik,e ta 18:00etatik aurrera haurrei harrera egingo diete gizarte etxe barruan, ordu eta erdiz. Txokolatada ere egongo da bertan 18:30ean. Ibaiondon ere DJ Kaktus arituko da musika jartzen. Salgai daude jadanik sarrerak, euro baten truke, gizarte etxe eta kirol instalazioetan, frontoietan izan ezik.
Abenduak 24 Asteartea
Abetxuko
Abetxukon, zaharren egoitzari bisita egingo diote Olentzero eta Mari Domingik, 24an bertan, arratsaldeko 16:00etan. 17:00etan berriz, kalejira abiatuko da, plaza Nagusitik. 18:00ak aldera iritsiko dira ikastolara, eta Abetxuko Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. 19:30ean izango da argazkien txanda, haurrei harrera pertsonala egingo baitiete bertan. Txokolatea, gaztainak eta ardo beroa egongo dira arratsaldean zehar.
Judimendi
Gabon gauean, erdigunetik desfile handia igarotzen ari den bitartean, kalejira egingo dute Olentzero eta Mari Domingik 19:00etan hasita, San Juan elizatik abiatuta. Auzoko kaleak zeharkatuko dituzte, eta Judimendikoak auzo elkartearen egoitzan amaituko dute.
Arriaga
Bosturki elkarteak Gau Mitologikoa antolatu du gabon gauerako. 17:00etatik aurrera, Olentzero, Mari Domingi eta auzoko haurrek, denek batera, Mari jainkosa bilatuko dute Arriagako parkean zehar. Lamiak, galtzagorriak, basajaun eta sorginak izango dituzte laguntzaile haien bilaketan.