Garapen Jasangarriko Helburuekiko "pentsamendu kritikoa sustatzea" izango da aurtengo Gabonetako Haur Parkearen helburu nagusietako bat, Gasteizko Udalak gaur iragarri duenez. Hala, ume zein helduei "gogoeta" eginarazi nahi diete egin beharreko "ekarpen indibidual eta sozialari buruz", Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziaren hitzetan.
Iazko edizioan bezala, oraingo honetan ere Europa Jauregian egingo dute parkea, abenduraren 26tik urtarrilaren 5era. Udalak dio bertako iazko esperientzia "arrakastatsua" izan zela, eta, erabiltzaileek "oso balorazio positiboa" egin zutela kokapen horretaz. Udalaren arabera, herritarrek jauregiaren zabaltasuna, erdiguneko kokapena eta irisgarritasuna nabarmendu zituzten.
Ohiko eskaintzaz gain, udalak nabarmendu du EITBk antolatutako 'Makusi Gabon Festa' izango dela aurtengo edizioan; urtarrilaren 2an izango da hori. Familia osoari zuzendutako "ikuskizun erakargarria" dela dio udalak, eta umorea, musika, abestiak eta dantzak izango ditu.
Ohiko ikuskizunen programazioan, txotxongiloak, antzerkia, zirkua, magia edota musika egongo dira, besteak beste. Francisco de Vitoria eta Maria de Maeztu auditorioetan izango dira horiek.
Sarreren salmenta hilaren 18an hasiko da. 1 eta 14 urte arteko haurrek 3 euro ordaindu beharko dituzte goizean (11:00-14:00), eta 3,50 euro arratsaldean (16:30-20:30). Gainerakoek euro bat ordaindu beharko dute. Sarrerak Europa Jauregitik kanpo erosi ahal izango dira, irekiera ordua baino ordu erdi aurretik. Ohi bezala, udalaren webgunean ere erosi ahalko dira.