CAFi beste hiru tranbia eskatu dizkiote Gasteizerako

Erredakzioa 2024ko abe. 10a, 16:50

Gaur sinatu dute hiru tranbiak egiteko kontratua. Argazkia: IREKIA

Jaurlaritzak hogei milioi euroko kontratua sinatu du gaur euskal enpresarekin. Tranbiak 2027ko bigarren seihilekorako entregatu beharko dituzte.

Jaurlaritzak Gasteizen zerbitzuan jartzeko hiru tranbia estraluze egiteko eskatu dizkio CAF enpresari, 19.990.987 euroko kontratu baten bidez. Euskotrenek eta CAFek gaur sinatu duten kontratuaren arabera, hiru unitateak 2027ko bigarren seihilekoan entregatu beharko dira, orduan zerbitzuan jartzeko.

Operadoreak Gasteizko tranbia zerbitzuan izan den "eskaera hazkundeari erantzun" ahal izateko eskatu ditu tranbia berriak, Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez. Salbururako luzapena martxan jarri zenetik eta %50eko deskontuak aplikatu zirenetik "bereziki esanguratsua" izan da hazkunde hori, zifra zehatzak eskaini ez badituzte ere. Bereziki "jendetza handiko egun seinalatuetan" beharko dituztela azaldu dute. 

Mugikortasun sailburu eta Euskotreneko presidente Susana Garcia Chuecak adierazi du "herritarrei zerbitzu hobea emateko" egin dutela eskaria, "tranbiaren aldeko apustu masiboa egiten ari baita". Aurreratu dute datorren urtean edukiera handiko beste bederatzi tranbiaren lizitazioa egingo dutela, Zabalganerako luzapena egin ahal izateko. Egungo flota hamasei unitatek osatzen dutela azaldu du Jaurlaritzak: zapi estraluzek eta bost moduluko beste bederatzik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago