Obrak finantzatzeko, erabilera bermatuko duen klausula bat eskatu dute

Erredakzioa 2024ko abe. 10a, 11:39

Santa Maria Katedralaren harira izandako polemika jarri dute adibidetzat. Argazkia: ALEA

Santa Maria katedralean Sacamantecas pelikularen grabazioaren polemikaren harira, EH Bilduk dio ez dagoela lekurik "inolako beto, xantaia edo zentsuratarako".

Obrak finantzatzerakoan erabilera kulturala arautuko duen klausula bat sartzeko eskatuko dio EH Bilduk Gasteizko udal gobernuari. Alderdiaren ustez, etorkizunean "bermatu" behar da finantzaketa publikoa duten espazioetako obretan egindako inbertsioa "herritarrengana itzuliko" dela erabilera kulturalaren bidez, "interes orokorreko beste alderdi batzuen artean".

Aitziber Salazar zinegotziaren arabera, erakunde publikoek inbertsioen bidez egindako "ahalegina" aintzat izanda, "ez dago lekurik inolako beto, xantaia edo zentsuratarako". Haren esanetan, inbertitutako dirua "herritarrengana" bueltatuko dela ziurtatzeko aukera bakarra "finantzaketa publikoa duten birgaitze proiektuetan klausula bat jartzea" da.

Santa Maria Katedrala jarri dute horren adibidetzat, bertan Sacamantecas pelikularen pasarte batzuk grabatzeko Gotzainak emandako hasierako debekuaren aurrean. Katedral zaharrak 50 milioi inguru euroko inbertsio publikoa jaso duela gogora ekarri du alderdiak. "Horrek are gehiago erakusten du diru publikoz birgaitutako espazioen erabilera kulturalerako etorkizuneko aukerak zehazteko beharra", argudiatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago