2011n gerra piztu zenetik, ezegonkor egon da Siria, eta talde armatu ugarik izan dute lurraldearen zati baten edo bestearen kontrola. Orain arte, Baxar al-Assaden gobernuak agintea mantendu du hiriburuan eta herrialdearen gobernu ofiziala izaten jarraitu du. Igandera arte iraun du bere gobernuak, HTS taldeko errebelde salafistek Damasko hartu zuten arte, bi asteko oldarraldiaren ondoren. Al-Qaedaren Siriako adarretik dator HTS, al-Nusra frontea osatzen zutenak izen (eta ustez ideologia) berria hartu bitartean.
Presidenteak Errusian hartu du babes, eta agintari ohia da jadanik, ia ofizialki, errebeldeak behin-behineko gobernua osatzeko negoziaketetan dabiltzan bitartean. HTSz gain, beste talde batzuek ere hartu dute parte Siriako gobernuaren erorketan. Horien artean garrantzitsuenetakoa SNA da, Siriako Armada Nazionala, Turkiaren agintepean mugitzen dena, hainbat iturriren arabera. SNAk, Turkiako Armadarekin batera, erasoaldi berriak egin ditu Manbijeko zonaldean, Eufrates ibaitik mendebaldera, kurduek gidatutako aliantzak kontrolpean duen zonaldean, Siriako Ipar-Ekialdeko Administrazio Autonomoan.
Gasteizen kalera ateratzeko deia egin dute elkarte internazionalista batzuek, Sirian eta Rojavan (Mendebaldeko Kurdistanen) pairatzen ari diren erasoaldiei erantzuteko. ISIS berpiztearen arriskua dagoela ohartarazi dute deitzaileek, eta Israelen papera ere salatu dute, Siriako egoera baliatuta lur gehiago okupatu dituztelako aurrez Siriari okupatutako Golango gainen lurraldeko mugan.
Inperialismoaren oldarraldia
Turkia eta Israel "lurrak lapurtzen eta hedatzen" saiatzen ari direla salatu dute elkarretaratzearen deitzaileek. Inperialisten esku hartzea kritikatu dute, eta gogorarazi AEBak direla Ekialde Ertaineko "indar inperialista nagusia". Era berean, NATO eta Europar Batasuna seinalatu dituzte, Turkiaren eta Israelen "beharrezko konplize" gisa.
Inperialismoa Siria, Kurdistan eta Ekialde Ertain osotik atera dadila aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu dute Gasteizen. Abenduaren 12an izango da, ostegunez, 19:00etan, "Begirada" monumentuan, Andre Maria Zuria plazaren alboan.