ARGAZKI GALERIA

Indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak erauzteko deia egin du Sortuk

Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 20:06

Dato kalean egindako ekintza aktibistan oroitu dituzte indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakumeak. Indarkeria horren aurrean ardurak hartzera eta kolektiboki ekitera deitu du.

Sortuk ekintza ikusgarria egin du gaur arratsean. Dozenaka emakume bildu dira Dato kalean, indarkeria matxista ikusarazteko asmoz. Euskal Herrian eraildako emakume eta haurrak izan dituzte gogoan. Izan ere, 125 emakume eta hamabi ume hil dituzte 2003tik gaur arte, azkena Pasaian, joan den astean. Erailketa matxistak indarkeriaren muturreko adierazpena direla argudiatuta, haien aurka egiteko indarkeriaren beste aurpegiak ere erauzi beharra aldarrikatu dute.

Emakumeetako bat, odolez bustita, lurrean etzan da, aurpegia maskara batekin estalita, eta beste kide batek 'Nahikoa da!" idatzi du ondoan. Gainerako emakumeak inguruan bildu dira, eta 2003tik hona indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakume eta haurren izenak esan dituzte denek, ahoz goran, 'Erail naute. Zer egin(go) duzue?' zioen pankartaren azpian.

Aiora Epelde Sorturen Plan Feministaren arduradunak adierazi du badela garaia indarkeria matxista "gutxiesteari, naturalizatzeari eta babesteari" uzteko. Indarkeria matxista eragiten eta ahalbidetzen dutenek ardurak hartu beharra aldarrikatu du.

Egiturazko neurriak eskatu ditu Sortuko ordezkariak, "instituzioetan, hezkuntzan, kulturan, begirada kolektibo eta indibidualetan...". "Ez gaitezen isilik eta ezer egiterik ez balego bezala geratu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!