Kaleratutako lankidea itzultzea eskatuz protesta egin dute Pepsiko langileek

Erredakzioa 2024ko abenduaren 5a

PEPSIko langileek egindako elkarretaratzea. Argazkia: LAB

Azaroaren 29an kaleratu zuen enpresak lankidea, eta "plantillari eskarmentua emateko" neurritzat hartu dute langileek. Etorkizunean greba egunak deitzeko aukera zabalik utzi dute.

Etxabarri Ibiñako Pepsi enpresak langile bat kaleratu zuen joan den astean, eta gaur elkarretaratzea egin du plantillak, ordezkari sindikalen babesarekin, lankidea itzuli dadin eskatzeko. 180 langile inguru ditu enpresak, eta 13:30etik 14:30era egon dira enpresako sarreran bilduta, bi txandetako langileek protesta egiteko aukera izan zezaten.

"Despidorik ez!" lelopean bildu dira, lankideari elkartasuna adierazteko, eta enpresaren kudeaketa txarra salatzeko. "Gaur Ortzi izan da, bihar gutako edonor izan daiteke", adierazi dute irakurketan. Bederatzi ordezkari sindikal daude enpresan, LAB sindikatuko hiru eta gainerakoak ELA, CCOO, UGT, USO eta independenteak. Denek egin dute bat gaurko mobilizazioarekin. Legez kanpoko kaleratzea izan dela adierazi dute langileek, eta konfiantza azaldu dute epaitegian arrazoia emango diotela lankideari, baina gaitzetsi dute hala ere kalean geldituko dela langilea, enpresak indemnizazioa ordaintzen badio ere.

Enpresako funtzionamendu txarra kritikatu dute langileek, "ondo lan egiten zuen" langilea bota izana salatuz. Erdi mailako arduradun eta agintariek "beldurraren politika" hori babesten dutela kritikatu dute, eta enpresak jasotako zigor kopurua aipatu dute horren froga gisa. Nahikoa abixurik gabeko txanda aldaketak, prebentzio neurrien gabezia, presak eta beste hainbat arazo aurkeztu dituzte, eta ohartarazi enpresak arazo horiei heldu beharrean "umekeriatan" aritzen direla, "gutxi batzuen egoa elikatzeko".

Kaleratutako lankidea berriz hartzeko exijitu diote enpresari, eta kaleratzea bidegabea izan dela argudiatu. Beste neurri zehatzik iragarri ez badute ere, adierazi dute mobilizazio eta greba egunak egiteko aukera zabalik mantenduko dutela, beren eskaerak ez betetzekotan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago