Beste begiratoki bat jarriko dute Martin Ttipia espazioan

Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 16:00

Dorre batean egokituko dute begiratokia. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Harresian atonduko duten gunea uneoro irekita egongo da, eta LED argiekin argiztatuta.

Alde Zaharretik hiriaren hegoaldea "bikain" ikusi ahal izateko bigarren begiratoki bat izango du Gasteizek, udalak gaur iragarri duenez. Zehazki, harresiko dorre batean —Martin Ttipia espazioan— egokituko dute bigarren begiratoki hau. Udalak dio egitasmoarekin Erdi Aroko hirigunearen "balioa indartu" nahi duela, "hiriaren zati baten bista pribilegiatuez gozatzeko aukera" ematearekin batera.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak gogora ekarri du duela bi aste Martin Ttipiako obrak esleitu zituztela, inguru horretan "gune turistiko berri bat" sortzeko. Aurreratu du bi obrak batera egingo dituztela, "modu koordinatuan" material, estetika eta egiturei dagokienez. Begiratoki berria uneoro irekita egongo dela iragarri du Artolazabalek, eta LED argiekin argiztatuta egongo da. Begiratokira iristeko egongo diren eskaileretako barandetan txertatuko dute argiztapen hori.  

Egitasmoa egikaritzeko bi hilabeteko epea zehaztu du udalak, eta 107.500 euro inguruko inbertsioa izango du. Azken urteotan ohikoa den bezala, lan horiek Next Generation Europako funtsei esker egingo dituzte, "jasangarritasun turistikoaren estrategiaren" barruan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago