Ostalaritzan lehen greba eguna dute gaur

Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 11:48

Zubi betean deitu dute greba ostalaritzan. Argazkia: ALEA

9.000 langile ingururi eragiten dio greba deialdiak herrialdean, besteak beste, itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatuetan lan egiten dutenei.

Ostalaritzak lehen greba eguna du ostegun honetan, eta larunbatean, abenduaren 7an, bigarrena. ELA, CCOOk, eta UGTk deialdi bateratua egin dute; eta LABek bere deialdi propioa. 9.000 langile ingururi eragiten dio greba deialdiak, besteak beste, itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatuetan lan egiten dutenei, baita hoteletan, jatetxeetan, sukalde zentraletan, tabernetan, jantokietan, ospitaleetan, eta egoitzetan ere lan egiten duten langileei.

Urtebete inguru negoziazio mahaia bildu gabe zegoelarik, aurtengo urrian ELA, UGT eta CCOO sindikatuek plataforma berri bat aurkeztu zuten, mahaiaren blokeoarekin amaitzeko. "Proposamen hau, aurrekoak baino puntu gutxiago jasotzen zituen, izan ere, 2024ko indarraldia planteatzen zen, 2025ean beste hitzarmen bat negoziatzeko asmoz". Halere, sindikatuen esanetan, negoziazioa berraktibatu ondoren "proposamen berririk gabe eta jarrera aldaketarik gabe" dago SEA.

Sindikatu hauen ustez, funtsezkoa da hitzarmena ez aplikatzea eragozten duen klausula ezartzea, "hau da, sinatutakoa betetzen dela bermatzen duen klausula bat ezartzea". Era berean, "2020tik galdutako erosahalmena berreskuratzea eta bajen osagarria bermatzea" exijituko dute gaurko mobilizazioetan.

LAB sindikatuak bere aldetik adierazi du mobilizazio bateratuen egutegia prestatzeko borondatea duela, baina ELAk, CCOOk eta UGTk alde batera utzi dutela. "Argi dugu mobilizazioak egin behar direla hitzarmen duin bat lortzeko, eta egokiena sektoreko sindikatu guztien batasuna bermatuko zuen planteamendu bat izango litzatekeela. Azaldutako guztiagatik, LABetik bi borroka eta desnormalizazio egunetara deitzen dugu abenduaren 5ean eta 7an, eta bi egun hauetan grebak ere deitzen ditugu, sektoreko langile guztiei bi borroka egun hauetan parte hartzeko aukera eskaintzeko helburuarekin eta sektorea ez zatitzeko helburuarekin", esan dute.

LABek uste du hitzarmen duin baten alde borrokatu behar dela, "gutxieneko lanaldi bat ezarriko duena, etorkizunean kolektibitateen balizko hitzarmen bat aplikatzeko bermeak dituena eta kate handien hitzarmenaren funtzionaltasuna barnebilduko duena, besteak beste".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago