SEA Arabako enpresarien elkarteari jarrera immobilista izatea leporatu diote ostalaritzako ELA, UGT eta CCOO sindikatuek, izandako lau bilera eta gero "jarrera aldaketa" ez duelako erakutsi patronalak. Hartara, abenduko zubi betean bi greba egun deitu dituzte, ostegunean, abenduaren 5ean, eta larunbatean, abenduaren 7an.
"Urtebete inguru negoziazio mahaia bildu gabe zegoelarik, aurtengo urrian ELA, UGT eta CCOO sindikatuek plataforma berri bat aurkeztu genuen, mahaiaren blokeoarekin amaitzeko. Proposamen hau, aurrekoak baino puntu gutxiago jasotzen zituen, izan ere, 2024ko indarraldia planteatzen zen, 2025ean beste hitzarmen bat negoziatzeko asmoz". Halere, sindikatuen esanetan, negoziazioa berraktibatu ondoren "proposamen berririk gabe eta jarrera aldaketarik gabe" dago SEA.
Jarrera horren aurrean hiru sindikatuek argi utzi dute "ez dela greba ez den beste aukerarik geratzen sektore honetako langileen lan baldintzak hobetzeko". Hori dela eta, sektoreko 9.000 langileri protestara batzeko deia egin diete baita antolatutako mobilizazioetan parte hartzera ere. Abenduaren 5ean, Correosko plazan, 18:30ean, elkarretaratzea eta txokolate banaketa egingo dute. Abenduaren 7an, berriz, 18:30ean, Correosko plazan, kontzentrazioa deitu dute.