AMVISAko arreta langileen greba abendu osora luzatu da

Erredakzioa 2024ko abe. 3a, 17:46

AMVISAko arreta zerbitzuko langileek greba luzatuko dute. Argazkia: ELA

Azaroaren 18tik daramate greban, plantilla gehiago, lanaldi osoak eta lanpostuen egonkortasuna eskatuz. Gasteizko Udalak greba eskubidea urratu duela salatu dute, langileak legez kanpo ordezkatu dituelako.

Abenduan ere ez da arretarik izango Gasteizko uren enpresa publikoan, ez aurrez aurrekorik, ez telefono bidezkorik. ELA sindikatuak jakinarazi du azaroaren 18an abiatutako greba luzatuko dutela, abenduan zehar gutxienez, negoziazioak blokeatuta jarraitzen duelako. Pertsona bakarra ari da lanean, gutxieneko zerbitzuak betetzen. Bestela, AMVISAk zuzeneko arretarako azpikontratatutako bost langileek bat egin dute grebarekin.

Sindikatuak gaitzetsi du Gasteiko Udalak eta AMVISAk ez dutela "inolako urratsik" egin egoera konpontzeko, ez bilerarik deitu ezta harremanetan jarri ere langileekin ez euren ordezkariekin. Gainera, ELAk lan ikuskaritzan salatu du udala, greba eskubidea urratzea leporatuta, "langileak legez kanpo ordezkatu" dituela argudiatuz.

"Herritar guztientzako zerbitzu publiko hobea" aldarrikatuz, negoziazio bilera batera gonbidatu ditu ELAk udala, AMVISA eta azpikontratatutako enpresa, gatazkari amaiera emateko asmoz. Akordiorako oinarriak proposatzeko dokumentua helarazi die hiru aldeei. Lanaldi osoak eskatzen dituzte langileentzat, soldata duinak, subrogazio eskubidea eta langile gehiago kontratatzea eskatzearekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago