Izotz pista eta txirrista instalatzen hasi dira Florida parkean

Erredakzioa 2024ko abenduaren 3a

Izotz pista Florida parkean. Argazkia: Gasteizko Udala

Abenduaren 13an zabalduko dira jolastokiak, 18:00etan hasiko den inaugurazio ekitaldian.

Gaur goizean hasi dira Florida parkean gabonetako jolasen instalazio lanekin. Aurten, berriz ere, Florida parkea izango da gune nagusietako bat. Patinen gunea eta txirrista instalatzeko lanak abian daude, eta laster hasiko dira izotz pista ezartzeko lanak ere.

Abenduaren 13an inauguratuko da gunea, 18:00etan, eta urtarrilaren 6a arte egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 22:00etara. Jai egun berezietan, abenduaren 24 eta 31an, bi ordu lehenago itxiko dute gunea. Gauez gozatzeko aukera ere egongo da, abenduaren 21 eta 28an, eta urtarrilaren 4an, gauerdiko hamabiak arte egongo baita zabalik.

Patinatzeko bi eremu izango dira aurten ere, helduentzako eta haurrentzako eremuak. Izotz txirrista bat ere egongo da, zortzi metroko altueratik jaisteko aukera emango duena, 30 metroko jaitsieran zehar. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira, leihatilan edo internet bidez. Izotz pistaren prezioa 4,75€koa izango da hamasei urtetik gorakoentzat, eta gazteagoentzat 2,95€koa. Txirrista euro baten truk erabili ahalko da.

Aurreko urteko arrakasta errepikatu nahi du udalak, 54.930 erabilera izan baitzituen guneak iaz. Txirristatik 34.738 jaitsiera egin ziren, eta 20.000tik gora erabilera izan zituen izotz pistak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago