Udalaren inplikazioa eskatu du Errota Zaharra auzo elkarteak

Erredakzioa 2024ko abe. 2a, 17:16

Errotan okupatuta egondako lonjetako bat. Argazkia: ALEA

Okupatutako lonjetako auzokideei errolda soziala emateko eskatu dute, gizarte zerbitzuen baliabideak handitzearekin batera. Udalaren erantzun bakarra polizia bidaltzea izatea kritikatu dute.

Errota auzoko lonja okupatuen harira, Errota Zaharra auzo elkarteko kideak udaleko Gizarte Politiken batzordean izan dira, auzoko bizilagun zaurgarriek bizi duten "utzikeria" egoera azaltzera. Udalak arazoari aurre egiteko eskumenak eta bitartekoak dituela adierazi dute, baina ez duela "ausardiarik erakutsi". Egoera larriagotzen ari dela salatu dute, "neurri egokiak ez hartzeagatik".

Udalari eskatu diote "erabaki esanguratsuak" hartu ditzala gizarte politiken arloan, etxegabeei lotuta. Errotako lonja okupatuetako bizilagunei errolda soziala emateko eskatu diote udalari, eta oro har gizarte zerbitzuen baliabideak handitu ditzala. Udaleko talde guztiekin bildu dira, Segurtasun zinegotzia barne, eta denek esan omen diete haien diagnosiarekin bat egiten dutela, eta gizarte zerbitzuak handitzeko beharra dagoela. Hala ere, auzo elkarteak salatu du iragartzen ikusi duten neurri bakarra "poliziaren presioa areagotzea" izan dela.

Segurtasun ezaren sentsazioa

Auzo elkartetik adierazi dute egoera oso zaurgarrian bizi direla lonjetako bizilagunak, "bizi proiektu normalizatu bat eskuratzeko aukerarik gabe". Batzuek mendekotasun edo osasun mental arazoak dituztela ere azaldu dute. Egoera honetan, azaldu dutenez, "benetako arazoak sortzen dizkie gure bizilagun batzuei, eta beste askorengan segurtasunik ezaren sentsazioa sortzen du". Hedabideei leporatu diete, gainera, sentsazio hori areagotzea.

Hala ere, ohartarazi dute poliziaren datuek ez dutela berresten hedabideetan auzoari buruz zabaldutako irudi txarra, eta Errota ez dela delitu gehien dituen auzoa. Zenbait talde politiko eta ekonomikoren esku hartzea salatu dute, "pertsona migratzaileenganako liskarra, mesfidantza eta arbuioa" sustatzea dutelako estrategia.

Errota Zaharra auzo elkarteak hainbat jarduera egin ditu arazoa bideratu nahian. Auzo eta hiri mailako topaketak sustatu dituzte, eta kriminalizazioaren aurkako idatziak kaleratu dituzte, bakarrik zein Gasteizko beste zenbait auzo elkarterekin batera.

Errota auzoaren utzikeria

Elkartearen esanetan, urteak daramatzate auzoaren abandonua salatzen. "Zaborra pilatzen delako, degradazio irudia ematen duten lokal huts asko daudelako, osasun zentro bat eskatuz, haurtzaindegi bate edo auzo elkartearentzako lokal bat bezalako ekipamenduak falta direlako, zarata eta gaueko aisiari lotutako arazoak...". Udalari esku hartzeko hainbat eskaera egin arren, "urteak igarota, funtsean, egoerak bere horretan" jarraitzen duela salatu dute.

Lokal hutsen auzian, adierazi dute auzoaren egoerak ekartzen duela jendeak gogorik ez izatea negozio berriak ezartzeko. Udalari eskatu diote lokalak garbitu ditzala berak, jabeek egiten ez badute, eta horietako batzuk erosi eta egokitu ditzala, auzoan falta diren zerbitzuak bertan emateko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago