GEU Gasteiz aldizkariaren ale guztiak digitalizatu dituzte

Erredakzioa 2024ko abe. 2a, 12:07

GEU aldizkariaren aleak. Argazkia: ALEA

Sancho el Sabio Vital Fundazioak digitalizatu du bilduma, GEU elkartearekin akordioa lortuta. 1992an hasita, 202 ale argitaratu ziren.

GEU Gasteiz aldizkariaren bilduma osoa digitalizatzeko hitzarmena adostuta, Sancho el Sabio Vital Fundazioak aldizkari historikoaren ale guztiak digitalizatu ditu, eta eskuragarri utzi "interesa duten ikertzaileek" ikusteko. Bihar ospatuko den euskararen egunaren baitan aurkeztu dute ekimena.

1992. urtean hasi zen GEU elkartearen proiektu komunikatiboa, Gasteizen eta Araban izandako gertaerei buruz euskaraz informazioa zabaltzen. 2009ko abenduan argitaratu zen azken alea, eta 202 aldizkari kaleratu zituzten guztira. Orain, digitalizatuta, fundazioaren gordailu digital irekian sartuko dira. Hemen lehen alea.

Aurten 60. urteurrena ospatzen ari da Sancho el Sabio Vital Fundazioa, euskal kulturaren kontserbazio eta dibulgazio lanetan aritzen dena. Euskal Memoria Digitala gordailua da bere ekimen garrantzitsuetako bat. Fundazioa, adierazi dutenez, "Gasteizi eta Arabari buruzko argitalpen irekien bilduma garrantzitsua sortzen ari da, eskuragarri ez dauden argitalpenak ezagutaraztea helburu."

Euskal kultura zabaltzeko eta aztertzeko "ezinbestekoa" da dokumentu bilduma, fundazioaren hitzetan. Euskara sustatzeko bestelako ekimenak ere egin izan ditu elkarlanean fundazioak GEU elkartearekin, Kantari edo Euskaraldia, esaterako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago