Ituna "soluzio poetikoak" planteatzen ari dela kritikatu du Osasun Publikoa aurrera taldeak

Erredakzioa 2024ko aza. 29a, 13:47

Kontzentrazioa egingo dute abenduaren 4an, Europa Jauregiaren aurrean, Osasunaren Euskal Itunaren bilera dela eta.

Elkarretaratzea egin du Osasun Publikoa Aurrera plataformak ostegun honetan, Gasteizko Olagibel kaleko EAGren aurrean. Oso haserre agertu da taldea Osasunaren Euskal Itunaren lanaren aurrean.  "Orain arte diagnostiko bat egin dute, non gobernuak ez duen bere gain hartzen ezeren erantzukizunik, eta planteatzen dituzten irtenbideak baliagarritasun praktikorik gabeko adierazpen poetiko hutsak dira", azaldu dute.

Iragarri dutenez, Osasunaren Itunaren jardueraren inguruko kritika hori helarazteko protesta egingo dute abenduaren 4an, 11:00etan, Europa Jauregiaren aurrean, itunaren bilera dela eta.

Halaber, azpimarratu dute murriztutako guztia hartuko duen irtenbide global baten alde borrokatzen jarraituko dutela: lehen arretan eta larrialdietan eman diren murrizketak atzera botatzeko; itxaron zerrenda murrizteko; landa eremuaren osasun arretan dagoen "utzikeria" konpontzeko; osasun mentalaren pribatizazioa bertan behera uzteko, eta "Osakidetzako langileen aurkako tratu txarrak gelditzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago