Lazarraga kultur elkartea badoa gutxinaka Izaskun Arrue kulturguneari forma ematen. Uztailaren 18an bere ateak ireki zituenetik, programazio eskaintza zabala antolatu du 2025eko udaberrira arte, eraikina ezagutzera eman du sustapen ekintza ezberdinen bidez, eragile ezberdinen jarduerak antolatu ditu eta espazioen alokairuak bideratu dira eta tabernaren esleipenaren lehiaketa egin du, besteak beste.
Lehiaketa honen harira ebatzi du Lazarraga elkarteak kulturguneko tabernaren kudeatzailea Asier Gereta izatea. Asier Gereta gasteiztarra da eta jatetxe-arloko zerbitzuen zuzendaritza eta sukaldaritza eta gastronomia zuzendaritza ikasketak ditu. Lan esperientziari dagokionean, jangelan eta sukaldari gisa aritu da Gasteizko eta Arabako zeinbait ostatutan, baita Europako hotel ezberdinetan ere. 2024ko udan, esaterako, Guardiako igerilekuetako taberna kudeatu du.
Taberna prest izanda, heldu da azkenean taberna irekitzeko momentua: abenduaren 3an. Euskararen Nazioarteko Egunean, 19:30etik aurrera irekiko ditu ateak Izaskun Arrue kulturguneko tabernak gerturatu nahi duen edozeinentzat.
Behin taberna inauguratuta, asteartetik igandera bitartean egongo da irekita. Astearte eta asteazkenetan arratsaldez; ostegun, ostiral eta larunbatetan goiz eta arratsaldez, eta igandetan goizez.