Udal Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute hiriko merkataritza laguntzeko. Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, Maria Nanclaresek, eta Udaleko EH Bilduren bozeramaile Rocio Viterok gaur iragarri dute sektoreko belaunaldi aldaketa errazteko bitartekoak jarriko dituztela, enpresen desagerpenak ekar ditzakeen kalteez kezkatuta.
PSE-EAJren gobernuak eta EH Bilduk 200.000 euro bideratzea adostu dute, hiriburuko enpresa komertzialen transmisioa laguntzeko. Nanclaresek azaldu du "funtzionamendu betean dauden negozioen jarraipena" sustatuko dutela, "enpresak desagertzea eta, horren ondorioz, lanpostuak galtzea saihesteko".
Viterok merkataritza sektorearen batez besteko adina nabarmendu du, neurrien beharra azpimarratzeko. "Datuek erakusten dute belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten politikak sustatu beharra dagoela." 54 urtetik gora ditu merkatarien %30ek baino gehiagok, eta 34 urtetik beherakoak gutxiengoa dira.
Lehenik egoeraren azterketa egingo du udalak izendatutako talde batek, errealitatea ezagutu eta erreleborik izango ez duten enpresak identifikatzeko. Ondoren, saltoki horien ardura bere gain hartzeko ahalmena duten pertsonak aktiboki bilatuko dituzte.