Gasteiz Hobetuz partaidetza ardatz duen programaren azken edizioko lehendabiziko proiektuak atera dituzte lizitaziora. Mendebaldea institutuaren ondoan eraikiko duten topaketarako parkea, Adurtzako parkearen erreforma eta Goikolarra eta Olarizu arteko txirrindularien eta oinezkoen loturen hobekuntza izango dira proiektu nagusiak.
Belaunaldiarteko jolas eremu berria Mendebaldea institututik gertu dagoen eta Udalaren jabetzakoa den lursailean eraikiko dute, Lakua auzoan. Gaur egun, lursaila itxita eta erabilerarik gabe dago. Udaletik nabarmendu dutenez, kokapena "bikaina" da, inguruan beste lau ikastetxe baitaude. Lan horiek lursailaren mendebaldeko zatian egingo dituzte, horixe baitago urbanizatzeko baldintza onenetan. Eremu horrek azpiegitura berde gehiago, argiteria berria, hondar eremua eta altzari berriak izango dituenez, bi piknik-gune sortuko dira.
Jarduera ludikoak edo kulturalak antolatu edo ikastetxeen kanpoko ikasgela gisa erabili ahal izateko asmoz, egurrezko agertoki altu txiki bat jarriko da bankuz inguratuta. Jolasak, aldiz, era askotakoak izango dira, adin-tarte guztientzako eta era guztietako jardueretarako. Urarekin eta hondarrarekin jolasteko eremuak, sare formako piramide bat, habi-zabu bat eta kalisteniako eremu bat egongo dira.
Adurtzan parkea
Adurtzako esku-hartzeari dagokionez, parkea berrituko dute Zumakadi kalearen amaieran eta jolasetako elementu eta altzari berriak izango ditu. Horrez gain, berdeguneak eta zuhaitzetako eremuak handituko dituzte, txorko eta parterre berriak sortuz. Gainera, zoladura berria eta argi gehiago jarriko dituzte erdiko eremuan, baita honako hauek ere: altzari berriak (bankuak, adibidez), iturria, bizikletak aparkatzeko gunea edo paperontziak.
Goikolarra auzoan, berriz, oinezkoek zein txirrindulariek erabiltzen dituzten zeharbideen bidez egiten den Olarizu arteko konexioa hobetuko dute. Bi zeharbide horiek A-2124 errepidearekiko bidegurutzeetan daude. Zehazki, Larrea eta Okariz kaleen bidegurutzeetan. Okariz kalearekiko bidegurutzean, segurtasuna bermatzeko, trafikoa baretu egingo dute, oinezkoentzako pasabidea altxatuz, espaloiak zabalduz zirkulaziorako errei bakarra uzteko eta bidegorriaren tartea gehituz, bizikletek ere zeharkatu ahal izan dezaten. Bizikleta eta oinezkoen ibilbidearen jarraipena errazteko, orain etenda geratzen den haztegiko biderantz, bidegorri berri bat eta oinezkoentzako gune bat sortuko dira, bereizita, Jauregilanda kalearekin elkartzen den tokiraino.
910.000 euroko aurrekontua izango dute hiru proiektuok, eta lau hilabeteko epean amaituko dituzte.