Gasteizko autobusen gaueko lineetan erabiltzen den Gautxori Morea zerbitzuaren aplikazioak SOS botoia izango du gaurtik aurrera, "mehatxupean, segurtasunik gabe edo kaltebera sentitzen diren pertsonek" Tuvisaren ikuskapen zerbitzuarekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten. Gasteizko Udalak ohar batean ezagutzera eman duenez, ikuskapen zerbitzu horrek "egoerari erantzuna" emango dio, eta autobus gidariari eta Poliziari "beharrezko argibideak" emango dizkio.
SOS botoia Hurrengo erreserbak atalaren barruan dago, eta erraz identifikatu ahalko da: maparen beheko eskuinaldean zirkulu lila da, telefono baten ikurra eta SOS letrak dituena. Udalak ohartarazi du botoi hori gutxienez erreserba bat programatuta duten erabiltzaileek bakarrik ikusiko dutela. Praktikari begira, aplikazioan datorren asteburuko erreserbetan erabili ahalko da aukera berria.
Udalak dio Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egiteko erabiliko dituen ekimenetako bat izango dela hau. Horrez gain, puntu moreak marraztuko dituzte BEI linearen autosalmentarako makinetan, geltokiko informazio puntuetan, autobusetako pantailetan eta aurreko paneletan. Gairen bueltako komunikazio euskarriak berrituko dituzte, Emakunderen eta udalaren beraren kanpainak zabalduko dituzte, bi autobus apaindu dituzte eta langileei txapa moreak emango dizkiete.