Principal antzokian eraberritze lan sakona egin aurretik, hango objektu esanguratsuenetako batzuk eskuratzeko aukera izango dute herritarrek azaroaren 30ean, Reutilizagune udal zerbitzuaren eskutik. Azken asteotan, aulkiak, besaulkiak, kartelak eta beste material batzuk bildu dituzte handik, eta salgai izango dira 20 eta 50 euro artean. Dohaintza hori, gero, Reutilizagunek hainbat proiektu solidariotara bideratuko du; besteak beste, Valentzian jasandako uholdeetan kaltetuak izan direnei laguntzera.
Azaroaren 30ean, 10:00etatik aurrera, ateak zabalduko ditu Reutilizagunek, Benito Gineako 6. zenbakian, nahi dutenek dohaintzaren bidez etxera oroigarri berezi bat eraman dezaten. "Objektu horiek Principalen historiaren eta memoriaren zati dira, eta bigarren bizitza bat eman nahi diegu. Hau da, gasteiztarren bizitzaren zati izaten jarraitzeko aukera eman nahi diegu", azaldu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak. Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak ere Principal antzokia Gasteizko historiaren zati dela gogoratu du: "Komediaz, dramaz, musikaz, dantzaz… betetako 100 urte baino gehiago izan dira. Herritar asko bildu ditu urtez urte, hutsik egin gabe, agertoki honekin egindako hitzorduak. Hori dela eta, eraikinak eta bertako edukiak balio sentimental handia dute zaletu askorentzat eta ezin genuen besterik gabe baztertu. Era honetara, herritarrek etxera eraman ahal izango dute antzoki maitearen oroigarri bat".