Alava Jeneralaren kalean berritze sakon bat egitea adostu dute Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2024ko aza. 22a, 12:03

Alava Jeneralaren kalea berrituko du ETSk. Argazkia: ALEA

Tranbia hiriaren erdigunetik igarotzean hobeto integratzeko helburua du ETSk egingo duen inbertsioak.

Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Gasteizko Udalak Alava Jeneralaren kalean berritze sakon bat bultzatzeko hitzarmenaren xehetasunetan aurrera egin dute. Euskal Trenbide Sareak 2,5 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du erdiguneko arteria nagusietako hori berritzeko. Jarduketak zorua egokitzeko eta hiri-ingurunea berritzeko bideratuko ditu, Bakea eta Independentzia kaleen bidegurutzearen eta tranbia Eusko Legebiltzarraren aurrean duen geralekuaren artean. 

Obra egin ahal izateko, erakunde publikoak proiektu bat aterako du lizitazio publikora datozen hilabeteetan. Hortaz, udalak zein Jaurlaritzak hitzarmena izapidetzeko lanak egin beharko dituzte lehenik, eta, ondoren, ETSk proiektua lizitatuko du egin beharreko lanak xehetasun handiagoz zehazteko, tranbia-sistema hiriaren erdigunetik igarotzean hobeto integratzea helburuarekin. 

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak azaldu duenez, lehenengo pauso hau "oso ona" izango da udalerriarentzat: "Ez genuen adabaki gehiagorik nahi Araba Jeneralaren kalean, eta erdigunea biziberritzen lagunduko duen behin betiko irtenbide baten alde egiten genuen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago