Israelgo produktuak markatu dituzte Gasteizko supermerkatuetan, boikotera deituz

Erredakzioa 2024ko aza. 22a, 09:46

Nazioarteko zuzenbidearen aurkako produktuak saltzen dituzte Eroskin. Argazkia: BDZ Araba

Israelgo produktuak markatuta, kontsumitzaileei kontzientziaz jokatzeko aukera eman nahi izan die BDZ Araba taldeak. Salatu dutenez, Eroski kateak Palestinako Lurralde Okupatuetan ekoiztutako produktuak ditu salgai.

Israelen kolonizazioaren aurka presio egiteko neurri ezagunenetakoa da boikota. Israelek berak onartu izan du zenbat eragiten dion mundu mailako boikot, desinbertsio eta zigorren mugimenduak, hainbat alditan saiatu baita horren aurka egiten. Orain, Arabako BDZ taldeak ekintza berri bat egin du, Gasteizko supermerkatuak hartuta gudu zelai.

Israelgo produktuak markatu dituzte hiriburuko hainbat dendatan, Palestinaren aldeko aldarriekin eta boikotera deituz. Hala, kontsumitzaileek errazagoa izango dute produktuak identifikatzea, eta "genozidioarekin konplizitatea gelditzeko" aukera izango dute. "Sionismoa elikatzeari uzteko" deia egin dute BDZtik. Datilak, kakahueteak, pistatxoak eta antzeko produktuak izaten dira askotan Israeldik etorriak, beste askoren artean.

Israelgo armadak 50.000 pertsona inguru hil ditu Palestinan azken urtean soilik, eta 100.000tik gora zauritu, osasun azpiegitura guztiak suntsitu dituen bitartean. Garbiketa etnikoa salatu du BDZk, eta ohartarazi dute ikerketa baten arabera 200.000 hildako izan daitezkeela Gazako genozidioaren albo ondorioen eraginez. Gosea da heriotza kopurua igo dezakeen aldagai garrantzitsuetako bat. Israelek gosetea "gerra arma" gisa erabiltzen duela salatu du BDZk, beste hainbat eragile eta instituziorekin batera.

Gainera, Israelek Palestinako Lurralde Okupatuak erabiltzen ditu esportaziorako elikagaiak ekoizteko, salatu dutenez. Jordan ibaiko ibarrean ekoizpen ugari daude, eskualdeko lurrik emankorrenetakoa delako. BDZtik ohartarazi dute "agronegozio" hori Israelgo ekonomiaren sostengu garrantzitsuenetakoa dela, eta horren bidez "erregimen kolonialak eskualde horietan duen jarrera egonkortzen" dutela.

Produktu kolonialak Eroskin

Israelek Palestinako Lurralde Okupatuetan ekoiztea, edo lurrak bere nahieran erabiltzea, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren aurkakoa da, indar okupatzaileak ez duelako eskubiderik lur okupatuez baliatzeko. BDZk jakinarazi du Eroski kateko supermerkatuetan saltzen dituztela Palestinako Lurralde Okupatuetan ekoiztutako produktuak, eta "sionismoa elikatzen" duela hala eginez.

Kontsumitzaileei dei egin diete produktu hauei boikot egin diezaieten, bai Eroskin, baita beste supermerkatuetan ere. AEBen babesa izanda, Israelek nazioarteko presioei ihes egiteko aukera izan du hamarkadetan zehar. Baina BDZ kanpainaren oinarrian presio ekonomikoa dago, eta frogatua gelditu da urteetan zehar kalte egiten diola Israelgo ekonomiari.

Israelgo produktuei boikota

Israelgo erregimen sionistak hainbat saiakera egin izan ditu boikotari aurre egiteko. Produktuen barra kodean agertzen den zenbakiak jatorrizko herrialdea identifikatu ohi du, enpresa non dagoen erregistratua. Israelgo enpresen barra kodeak 729 zenbakiz hasten dira berez, eta zenbaki hori mundu mailako BDZ mugimenduaren jo puntuan egon da denbora luzez.

Ondorioz, Israelgo enpresak saiatu dira marka horri iskin egiten. Beste zenbaki batzuetara aldatu izan dira halakoetan, eta nazioartean salatu izan da 871 eta 841 zenbakiak erabiltzen aritu dela, Herbeheretako eta Espainiako enpresen zenbakiak direnak berez. Gasteizko supermerkatuen kasuan, 848 zenbakia dute produktu gehienek. 500 zenbakia ere erabili izan du Israelek, 729 zenbakiaren bila zebiltzan erosleei iruzur egiteko. Horregatik, barra kodeari begiratzeaz gain gomendatzen dute beti begiratzea produktuaren jatorriari buruzko informazioa, edo hornitzaileari galdetzea nonbait datorren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago