Neguko denboraldirako 15 ikuskizun aurkeztu dituzte Gasteizko udal antzokiek. Gabonetako proposamenak abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra izango dira Felix Petite eta Jesus Ibañez de Matauko antzokietan. "Askotariko programazioa izango da, eszenako izen handiak, dantza, umorea, musikala eta familiarentzako proposamenak biltzen dituena, Gabonetako denboraldian ohi den bezala", azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Abenduaren 19an Postdatarik gabeko gutunak Xake Produkzioak taldearen euskarazko ekoizpena helduko da, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean eta Kepa Errastiren interpretazioarekin. Errastik gizonezko antzezle onenaren Besarkada Saria irabazi zuen lan honengatik.
Egun bat beranduago, abenduaren 20an, Alberto San Juan aktorea protagonista duen Macho grita izango da, bere bandarekin, CNTC antzerki klasikoko konpainiarekin egindako koprodukzio honetan. Ibilbide historikoa egiten duen komedia musikala.
Tangoarekin bidaia
Bidaia musikala egingo du, baita ere, Hector Alteriok Una pequeña historia obrarekin. Abenduaren 21ean izango da tangoa oinarri duen bidaiarekin; omenaldia egingo dio Leon Felipe, Borges, Piazzola edo Hamlet bezalako autore edo pertsonaia historiko handiei.
Umorea, berriz, Ron La La taldea eta 4×4 ikuskizunarekin helduko da, abenduaren 26an. Konpainiaren lehen lau obrak zeharkatzen ditu antzezlan honek: Mi misterio del interior, Mundo y final, Time al tiempo eta Siglo de oro, siglo de ahora.
Larrua dantza taldeak, bere aldetik, KM0 dantza gala aurkeztuko du abenduaren 27an. Oraingoan, Arabako dantzari balioa eman nahi diote, eta gala honetan, beren jarduera profesionala hiritik kanpo egiten duten bost dantzari gasteiztar bilduko dira: Gabriela Abaitua, Rebeca Barroso, Celia Davila, Paula Urquijo eta Paula Cofre.