"Ez ziren joan, baina itzuli egin dira". Hala hasten da Izaki Gardenak-en Orube diskoaren aurkezpen testua. Urteak eman dituzte geldirik, baina bueltan da talde gasteiztarra, eta laster hasiko dira zuzenekoetan defendatzen orain arte estudio barruan izan den lana. "Soinu berriekin eta egiteko modu berriekin" datorren diskoa, Jon Basagurenek azaldu duenez.
Orain arte folk eta rock amerikar doinuak izan dira nagusi Izaki Gardenak taldearen abestietan, baita soul ukitu batzuk ere noizbehinka. Orain hori alboratu eta bere burua behartu du Basagurenek kantak "beste era batera janztera". Beste arreglo eta egitura batzuekin ausartu dira oraingoan. "Ez da sekulako iraultza, baina bai behar nuen aldaketa disko berri bat argitaratzeko".
Taldearen hasierako freskotasuna eta arintasuna berreskuratu du proiektuak, Iñigo Astiz kazetariaren esanetan, eta argitasuna "agertu eta desagertu" arituko da diskoan. Kontraesanez betetako gizartea kontraesanez deskribatzen du taldeak, "irudi ilunak sortzeko duen berezko joera horrekin, baina aire arinagoa emanaz abestiei".
2024. urteko udan grabatu dute diskoa Raul Perezekin, Granadako La Mina estudioan. Jon Basagurenenak dira hitzak eta musika, Gauerdian goibel dantzan kantako musika salbu, Libe Kortazarrekin batera konposatu baitute hau. Kortazarrena da diskoaren diseinua ere. Kortazar eta Basagurenez gain, Dani Arrizabalaga, Joseba Baleztena eta Danilo Forondak osatzen dute Izaki Gardenak.
Diskoa aurkezteaz gain, Alde Iluna zigilua ere aurkeztu dute gaurkoan, Basaguren eta Kortazarrek sortutako "zigilutxo familiarra", haien proiektuei toki egingo diena. Durangon ere izango direla iragarri dute, Pasadena, Libe eta Izaki Gardenaken diskoak eskaintzen.