Mercedesen bederatzi orduko lanaldiak jarriko dituzte eta gaueko txanda kendu

Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 11:55

Mercedeseko langileek iaz egindako protesta. Argazkia: ALEA

2025eko martxotik aurrera ezarri nahi du enpresak txanda sistema berria, gehiengo sindikalaren babesik gabe. Osasunerako, kontziliaziorako eta ekoizpen mailarako ere kaltegarria izango dela salatu dute hainbat sindikatuk.

Gasteizko Mercedesen lantegiko zuzendaritzak ez du sindikatuekin akordiorik lortu datorren urterako lan ordutegi eta txanden inguruan, eta adostasunik gabe ezarriko du sistema berria martxotik aurrera. Hiru txanda egitetik bira pasatzea dute asmoa, bederatzi ordukoa bakoitza, eta larunbat goizetako txanda zortzi ordukoa izango da.

ELA, LAB eta ESK sindikatuak aurka azaldu dira, langileen ordezkaritzaren gehiengoa (29 ordezkaritik hemezortzi), eta UGT, CCOO eta Ekintza sindikatuek sinatu dute lan hitzarmena zuzendaritzarekin. Urrian aurkeztu zuen proposamena enpresak, eta kontra agertu ziren aipatutako sindikatuak, kalte handiak ekarriko lituzkeelakoan.

Enpresa batzordeko presidenteak, ELAko kidea, salatu du txanda eredu honek ez diela langileei atseden hartzeko aukera nahikoa emango, eta 600 pertsona inguru soberan geldituko liratekeela. ESKk ere kritika egin die enpresaren asmoei, eta LABek langileen adinean jarri du arreta, "zahartutako" langileak izanik bederatzi orduko lanaldiek kalte handiak ekarriko dituztela, bai langileentzat zein enpresarentzat. "Baja gehiago eta produktibitate txikiagoa" aurreikusi ditu sindikatu abertzaleak.

Mercedesek ekoizpenerako aurreikuspen txikiak egin ditu datorren urterako, eta sindikatuak beldur dira ea ez duen kaleratzerik ekarriko, pandemia garaitik jarritako helburu txikiena delako. Hala ere, Gasteizko planta 1.000 milioi inguruko inbertsio publiko-pribatua jasotzekoa da, 2026an furgoneta elektriko berriak ekoizten hasteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago