La Caixaren espekulazioa eta abusuzko klausulak salatu dituzte Gasteizen dozenaka maizterrek

Erredakzioa 2024ko aza. 18a, 10:40

Maizterrek eta etxebizitza sindikatuak egindako agerraldia. Argazkia: Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Zabalganeko lau ataritako bizilagunek elkarretaratzea egin zuten larunbatean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, La Caixaren praktikei "Aski da!" esateko.

Gasteizko Zabalgana auzoan La Caixaren jabetzako etxeetan bizi diren 50 pertsona baino gehiago kalera atera ziren larunbatean, La Caixaren espekulazio praktikak eta abusuzko klausulak salatzeko. Kaltetuak 90etik gora direla ohartarazi zuten. "Aski da La Caixak gure erreklamazioei jaramonik ez egiteaz eta gure kontura aberasten jarraitzeaz", hala adierazi zuten protestan.  Izan ere, La Caixak "alokairu eskuragarri" gisa iragarri zituen hainbat etxebizitza, baina bankuaren gehiegikeriak salatu dituzte bizilagunek.

Etxebizitzaren negozia eta behar soziala kontraesanetan sartzen direla ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Banku batek ez du inoiz funtzio sozial bat beteko, errentagarria zaionean baino ez" adierazi dute prentsaurrekoan.

Bizilagunek, sindikatuarekin batera, bankuari exijitu diote etxegabetze ahalegin oro bertan behera utzi dezala, ez dizkielako kontratuak berritu nahi izan kontratuak amaitzear dituzten familiei, salatu dutenez. Bestalde, kontratu guztietatik abusuzko klausulak kendu ditzala exijitu diote, eta azkenik, bizilagunen ordezkaritzarekin bildu dadila gainerako auziak negoziatzeko.

La Caixarekin halako kontratuak dituzten pertsonak antolatzera deitu dituzte, eta sindikatuarengana jo dezatela aholkatu. Ez da Gasteizko auzia soilik. Arrasaten, Erandion eta Zorrozan ere badaude La Caixaren praktika hauek salatu dituzten bizilagunak, eta Euskal Herri mailan 320 familiari eragin diezaiekeela kalkulatu du etxebizitza sindikatuak.

Abusuzko klausulak alokairu kontratuetan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatu diren zortzi blokeetako kontratu guztiek gehiegizko klausulak dituzte, ohartarazi dutenez. OHZ (IBI) maizterrek ordaindu behar dute, kontratu hauen arabera. Soldata CaixaBanken helbideratzera behartu dituzte maizterrak, eta haiei ordainarazi diete ez-ordaintzeen aurkako aseguru bat. "Arrazoitu gabeko" alokairuen igoerak salatu dituzte, eta baita komunitate kuoten igoerak ere, "eremu komunen egoeraz arduratzen ez bada ere".

Etxebizitzaren jabeak ordaindu beharko lituzkeen beste gastu batzuk ere maizterrei ordainarazten dizkie La Caixak, salatu dutenez, hala nola, oinarrizko elementu askoren kontserbazioaren gastuak eta konponketak. Gainera, kontratu hauen bidez La Caixak etxebizitza nahieran ikuskatzeko eskubidea lortu duela kritikatu dute, "intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubide konstituzionala urratuz".

"Alokairu eskuragarriekin espekulatzen du La Caixak"

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta bizilagunek salatu dute La Caixak "eskuragarritzat iragartzen zituen alokairuekin espekulatzen" duela. 2008ko krisiaren ostean eskuratu zituen La Caixak etxebizitza ugari "prezio oso baxuetan", eta InmoCaixa filialaren esku utzi zuen "alokairu eskuragarrien" kudeaketa.

Bizilagunek salatu dute InmoCaixa "hainbat estrategia" erabiltzen ari dela irabaziak handitzeko, maizterren kontura. Etxebizitzaren prezioen igoeraz baliatu dela salatu dute (%8,7ko igoera urte artean, eta %68koa 2016tik hona). Alokairu eskuragarriak eskaintzea "aurpegi garbiketa" izan dela kritikatu dute.

Azken urteetan etxebizitza horietan bizi izan diren familiei kontratua "ez berritzean tematzen" ari direla salatu dute, eta erostea beste alternatibarik ez dietela ematen, "merkatu libreko prezioetan edo garestiago". Ohartarazi dute 270.000€ eskatzen dituztela etxebizitza baten truke, zonalde hartan halako etxebizitza batek 230.000€ balio dituenean. Auzoko batez besteko errenta kontuan hartuta, kritikatu dute "ezin dela eskuragarritzat jo".

Publikoa, pribatua elikatzen

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak erakunde publikoen konplizitatea salatu du. Konponbide okerrak proposatzea leporatu die, eta argudiatu dute irtenbidea ez dela etorriko "etxebizitzarekin espekulatu eta etekina ateratzen duten eragile pribatuen parte hartze handiagoarekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago