ELAk grebara deitu du berriro AMVISAren arreta zerbitzuan, oraingoan ia hilabetez. Izan ere, langileek berri eman dutenez, datorren astelehenean, hilak 18an, hasiko dute greba, eta abenduaren 15era arte eutsiko diote lanuzteari. Sindikatuaren esanetan, uztailean azken greba deitu zenetik, AMVISAk eta zerbitzua ematen duen azpikontratatutako enpresak ez dute gatazka konpontzeko urratsik egin.
Amvisako arreta zerbitzuak sei pertsona ditu plantillan, "horietatik bost emakumeak", zehaztu du sindikatuak. Bezeroarentzako lehen arreta egiten dute, online izapideak, altak eta bajak kudeatu, eta kontratuen jarraipenak, besteak beste. Grebaren bidez, ELAk Gasteizko Udalari eskatu dio sindikatuekin esertzeko, eta "prekarietatearekin amaitzeko neurriak ezar ditzan".
Gaurko egoera salatu du sindikatuak. "Lanaldi partzialean eta egonkortasunik gabe dihardute langileek, eta 1.100 euro pasatxoko soldata jasotzen dute. 2011z geroztik berritu ez den Bizkaiko bulegoen hitzarmena aplikatzen zaie". Gainera, ELAk langile falta kritikatu du, "zuzenean eragiten baitio arretaren kalitateari; atzerapenak maiz gertatzen dira, eta ordu erditik gorakoak izaten dira. Hori gutxi balitz, administrazio lan asko ezin dira aurrera eraman."
Gainera, subrogaziorako eskubiderik ez dutenez, AMVISAk zerbitzu hori lehiaketara ateratzen duen guztietan, lanpostuak galtzeko arriskua dago, beraz, langileek ez dute zerbitzuan egonkortasunik eta jarraitutasunik.