Indarkeria matxistaren aurkako olerkiak Gasteizko erakusleihoetan

Erredakzioa 2024ko aza. 15a, 12:21

Itaiak margotutako erakusleihoa Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: Itaia

Gasteizko Itaia antolakundeak kalera atera ditu indarkeria matxistaren aurkako aldarriak, azaroaren 25aren harira, hamar egun barru emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izango delako.

Denda ugaritako erakusleihoetan olerkiak idatzi ditu Gasteizko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, "indarkeria kasuz betetako testuinguruan" diskurtso matxista eta faxisten aurka egiteko. Azaroaren 25aren atarian egin dute ekintza, eta mobilizatzeko deia egin dute. Jarrera erreakzionarioen aurka egiteko baliatu dituzte olerkiak, aldarriak kalera ateratzea "premiazkoa" dela iritzita.

Eraso matxisten aurrean diskurtso erreakzionariak indartzen direla salatu dute, emakumeen aurkako zapalkuntza ukatzen dutenak, eta indarkeria matxista kasuak erabiltzen dituztenak diskurtso arrazistak zabaltzeko. Ohartarazi dute eskuin muturrak segurtasun faltaren ideia hedatzen duela, eta irtenbidea bilatzen dutela polizia areagotzean. Gogoratu dute Espainiar Estatuan udan emandako eraso matxisten %15a poliziek eginak direla, eta "arazoa ezin dela izan irtenbidea".

Itaiak Azaroaren 25ean mobilizaziora batzeko deia egin du, 18:30etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Hitzaldi bat antolatu dute gaurko, azaroak 15, 18:30etan Landatxo gizarte etxean, "Matxismoa eta diskurtso erreakzionarioak" izenburupean. Ideia faxistak nola errotu diren eta nola aurre egin izango dute mintzagai bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago