Lau greba egun egin dituzte dagoeneko Colisee Miñano erresidentziako langileek eta beste bost egunetan ere lanuzte partzialak. Alta, lan baldintzak hobetzeko egindako ahaleginak itopuntuan daude. "Enpresarekin negoziatzen jarraitzen dugu, baina ez digu funtsezko hobekuntzarik eskaintzen", esan dute. Horregatik, aste honetan ere grebara jo dute. Gaur mobilizazioa egin dute aldundiaren aurrean.
Urteko lanaldiko orduak jaistea beharrezkoa ikusten dute langileek, eta soldatak nabarmen hobetu nahi dituzte, "batez ere, sail batek ere ez, ez dezala oinarrizko lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan". Alta, enpresaren azken proposamenak okerrera egin duela salatu dute langileek. "Enpresak ez ditu bajak, oporrak, eszedentziak eta inolako baimenak kubritzen, eta, gainera, plantillak berak ordezkatzea nahi dute, batez ere gerokultoreen sailean eta gure egun libretan". Horretaz gainera, "langileen borondate ona" saritzea proposatu du enpresak. "Hori botere abusua da, enpresak xantaia egiten digu", azpimarratu dute.
Colisee zentroak 45 plaza itunduta ditu. Langileek azaldu dutenez, zahar egoitzaren eta foru aldundiaren artean II. Ituntzeko Esparru Akordioa urte hasieran sinatu zenetik, enpresak hitzeman zuen lan baldintzak nabarmen hobetuko zirela, batez ere aspektu ekonomikoari dagokionez, "baina errealitatean ez da ezer hobetu". Gainera, egoiliarrei %6 eta %10 artean igo zitzaien kuota 2024an, "plantilaren baldintzak nabarmen hobetzeko aitzakiarekin, baina gaur egun ez digute ezer hobetu", berresi dute.