Errotan okupatutako lonjetako bat itxi du Udaltzaingoak

Erredakzioa 2024ko aza. 13a, 11:08

Gurutze Zuriko kalean dagoen lonja zigilatu du Udaltzaingoak. Argazkia: ALEA

Gurutze Zuriko kalean dagoen lonja zintaz zigilatu eta itxi dute, kristal batzuk erortzeko arriskuan zeudela argudiatuta.

Bart gauean Gasteizko Udaltzaingoak Errotako lonja okupatuetako bat itxi du. Polizia iturrien arabera, 21:30ak aldera bertaratu ziren udaltzainak, eta "erortzeko arriskuan zeuden kristalak" antzeman zituzten. Lokala hutsik zegoela ikusita, suhiltzaileei deitu zieten eta haiek jarri zuten "behin-behineko itxitura".

Zinta pare bat ikus daiteke lonjaren hesietan, eta giltzarrapo batez itxi dute ate nagusia, "inor sartu ez dadin". Egurrezko taula batzuk ere jarri dituzte, kristalei eusteko. Udalak lonjaren jabea den bankuari eskatu dio behin betiko itxitura bat ezarri dezala, eta eta "arazoak" sortu dituen kristala segurtatu dezala. Hamabost urtetik gora daramatza hutsik Errota auzoko lonja honek. Udaltzaingoa inguruetatik dabil gaur goizean, atzo utzi zuten bezala segi dezan bermatu nahian.

Segurtasuna eta eskuin muturraren arriskua

Errota auzoko zenbait bizilagun protestan aritu dira azken asteetan, segurtasun arazoak salatuz eta lonjetako biztanleak erantzule gisa seinalatuz. Atzo, asteartez, Gasteizko hiritar guztiak deitu zituzten manifestazio bat egiteko, "delinkuentzia olatuaren aurka" eta segurtasuna eskatzen. 30-40 lagun inguru bildu zituen mobilizazioak, eta jaitsiera nabarmena ikusi da deialdien jende kopuruan azken asteetan.

Protesta hauen aurkako iritzi ugari ere plazaratu dira tarte honetan. Segurtasunaren aitzakian jarrera arrazistak bultzatzeko arriskuaz ohartarazi dute hainbat eragilek, eta arazoaren erdigunea oker kokatzen ari direla argudiatu izan dute.

Auzo elkarteak gorroto diskurtsoen aurka

Errota Zaharra auzo elkarteak lehenago bere kasa egin bezala, Gasteizko hamar auzo elkartek adierazpen bateratua egin zuten, "Auzo elkarteak auzo anitzen alde" izenburupean. Bertan adierazi zuten ez dutela zerikusirik aipatutako mobilizazioekin, eta "arriskutsuak" direla ohartarazi zuten, "bizikidetzaren aurkakoak". Zenbait alderdi politikok protestak erabiltzeko arriskua ere aipatu zuten, tentsioa eta gatazka sortzeko, bozak lortzeko. Izan ere, PP eta Vox alderdietako ordezkariak aritu dira protestetan parte hartzen, eta baita sustatzen ere.

Errotako auzo elkartearekin bat eginez, gainerako elkarteek ere salatu zuten ez direla "benetako erantzuleak" seinalatzen ari, eta etxebizitza eta gizarte politiketan jarri zuten arreta berezia. Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak ezarritako politikek "ezinezko egiten diote biztanleriaren sektore handi bati etxebizitza eskuratzea", auzo elkarteek ohartarazi zutenez. Bestalde, gizarte politikak gaitzetsi zituzten, eraginkortasun falta argudiatuta, jendea "lonjetan bizitzera behartuta" dagoelako. Bide poliziala soilik ez erabiltzeko eskatu diote udalari.

Gaia jorratzen ari diren hedabideetako askori "sentsazionalismoa" leporatu diete, eta salatu ez dutela auzoko arazoak konpontzen laguntzen, "kontrakoa baizik". Elkarbizitzaren aldeko apustua egin dute auzo elkarteek, arazoei modu integralean ekitearen alde, "amorrua eta gorrotoa bilatzen duten jarreren aurrean".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago