Adinekoentzako 70 jantoki plaza gehiago izango dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 12:11

Udalak 742 plaza eskaintzen ditu 14 jantokitan. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Udalak jantoki berri bat zabalduko du Sansomendin, eta Aranan espazio handiagoa egokituko dute pertsona gehiago hartzeko.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politika Sailak adinekoentzako 70 jantoki plaza berri egokituko ditu datozen hilabeteetan. Udal gobernuak (PSE eta EAJ) EH Bildurekin adostu duen aurrekontu hitzarmenari esker, jantoki berri bat zabalduko dute Sansomendiko Bizanen; eta Aranan espazio handiagoa egokituko dute.

Sansomendiko zerbitzu berriak 50 plazako edukiera izango du. Horretarako, officea erreformatu beharko da, San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukalde nagusitik datozen jakiei azken ukitua eman ahal izateko. Halaber, jantokia egokitzeko, ekipamendu guztiaren sistema elektrikoa berritu beharko da, eta, hortaz, zentroa itxi beharko da bi hilabetez. Eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko, lanak udan egitea aurreikusten da, abuztuan oporrengatik itxi egiten delako. Obrak gehiago luzatuko direnez, inguruko lokal batean jarduerak egin ahal izatea aztertzen ari dira. Guztira, proiektuak ia 140.000 euroko aurrekontua du

Bestalde, Bizan Arana proiektuaren helburua da egungo 50 plazatik 70era handitzea. Obrak lizitatu dira dagoeneko, eta aurreikuspena da 2025eko hasieran hastea. Obrek dirauten bi edo hiru asteetan jantokia itxita egongo denez, egungo erabiltzaileek jantoki sistema alternatiboa izango dute.

200.000 otordu inguru urtean

Adinekoentzako Udal Zerbitzuaren jantokiak 14 dira; horietako 11 Bizan zentroetan daude eta beste 3ak adinekoen arretarako beste udal espazio batzuetan. Hortaz, Sansomendikoa 15.a izango da. 

60 urte edo gehiago dituzten eta elikadura egokia izateko arazoak dituzten adinekoek erabiltzen dute zerbitzua, izan familiaren laguntzarik ez dutelako, bakarrik edo sozialki isolatuta daudelako, mendekotasun arriskua dutelako, lehen mailako mendekotasuna dutelako edo arazo ekonomikoak edo bestelakoak dituztelako. Laguntzarik gabe jateko gai izan behar dute.

2023an, 688 plaza eskaintzen ziren eta urte amaieran 750 erabiltzaile zeuden. Guztira, 183.020 otordu eskaini ziren guztira une horretan zeuden 13 jantokietan. Egun, Gizarte Politika Sailak 742 plaza eskaintzen ditu 14 jantokitan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago