Kanpaldia hasi dute Gasteizen, anbulantziak publifikatzeko

Erredakzioa 2024ko aza. 11a, 16:21

Kanpaldia egiten ari dira anbulantzietako langileak Gasteizen. Argazkia: LAB

Asteartean amaituko da langileen protesta, 12:30ean egingo duten mobilizazio batekin.

LAB sindikatuaren anbulantzietako langileak kanpaldia egiten ari dira astelehen eguerditik Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari ekin diezaion". Asteartean amaituko da kanpaldia, 12:30ean egingo den elkarretaratze batekin.

Sindikatuaren esanetan, kudeaketa pribatuak eta azpikontratazioak "larriki kaltetu" dute anbulantzien zerbitzua; eta La Pau enpresaren kontratua bertan behera uzteak ez du egoera hobetu. "Enpresa aldatzeak ez du egiturazko arazoa konponduko", esan du LABek. Gainera, langileek ziurtatu dutenez, zerbitzua hartuko duten enpresek urriko nominak "berandu" ordaindu dituzte, eta ez dituzte zorrak ordaindu.

Anbulantzien zerbitzuaren aferan Eusko Jaurlaritzak jarraitu duen politika kritikatu du LABek, eta azpimarratu du "langileentzako prekaritatea eta herritarrentzako zerbitzu eskasa baino ekarri ez duen ereduaren aldeko apustua" egiten jarraitzen dutela. Horregatik, kanpaldiarekin, Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diote "arduraz jokatu, langileekin dauzkaten zor guztiak ordaindu eta anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa amai dezala".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago