Artea "bakea" dela aldarrikatuko du Umbra Light Festivalek

Juanma Gallego 2024ko aza. 11a, 16:08

Aurtengo hitzordurako 284 artistak beren proposamenak aurkeztu dituzte. Argazkia: UMBRA LIGHT FESTIVAL

Asteburuko formatua berreskuratu du ekimenak, "bisitari eta jarduera ekonomiko gehiago" erakarri nahian.

Umbra Light Festival jaialdiaren laugarren edizioa otsailaren 14tik 16ra ospatuko da, eta 'Artea bakea da' izango du lelotzat, gaur ezagutzera eman dutenez. Data horietan Gasteizko plaza, eraikin eta espazio publiko esanguratsuenak "argiz eta artez" beteko direla aurreratu du Jaurlaritzak, ohar batean. Jaialdiak "ezberdinen arteko bizikidetza, elkarrizketa eta indarkeriarik eza" sustatuko duela diote antolatzaileek.

Beste behin, Erdi Aroko Almendra eta Zabalguneko hainbat leku esanguratsu argiztatuko dituzte. Besteak beste, San Pedro eliza, Foruen plaza eta BIBAT museoan egongo dira ikuskizunak, baina beste zenbait auzotara ere eramango dituzte: momentuz, Lovaina da ziurtzat jo duten bakarra, baina esan dute San Martin eta Koroatze auzoetara eramateko aukera aztertzen ari direla.

Cristina Gonzalez Turismo foru diputatuak iragarri du jaialdiak otsaileko jatorrizko datak berreskuratuko dituela, hiru eguneko asteburuko formatuaren bitartez. Asteburuarekin batera egitearen arrazoia "bisitari gehiago eta jarduera ekonomiko gehiago" lortzea izan da. Iazko ediziora 100.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren jaialdira, eta hotelen okupazioa %95 izan zen, antolatzaileen arabera.

Gonzalezekin batera, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Clara Navas Jaurlaritzako Turismo zuzendariak, Jon Urresti Vital Fundazioko lehendakariak eta Carlos Torrijos jaialdiko zuzendariak parte hartu dute gaur egin duten jaialdiaren aurkezpenean. 

Etxebarriaren arabera, jaialdia "dagoeneko errotuta dago" erreferente gisa, eta Gasteiz "hiri teknologiko, moderno, berritzaile eta jasangarri gisa" proiektatzen du nazioartean. Haren esanetan, Gasteiz "bizikidetza du nortasun ikur", eta edizio honetarako aukeratutako leloak "hura indartzen laguntzen du".

Torrijosek azpimarratu du argiak "ideiak eta emozioak transmititzeko gaitasuna" duela, eta, hortaz, "ziur" azaldu da jaialdiak "ulermenerako eta bakerako mezua" Gasteizko kale eta plazetara eramango duelako ideian. Aurtengo ediziorako 284 artistak beren proposamenak aurkeztu dituztela iragarri du, 2023ko edizioan parte hartu zuten 226 artisten aldean. Ekoizpen prozesuan ehun profesionalek baino gehiagok parte hartzen dutela ere nabarmendu nahi izan du. "Horrek Umbra Light Festival jaialdiak sortzen duen interesa eta mundu osoko artista eta kolektibo ospetsuak erakartzeko duen gaitasuna erakusten" duela gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago