Elena Martinez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazleak landutako Gasteizko Toponimia egitasmoari amaiera ematen dion azken liburukia aurkeztu du gaur; Dibiña II, ia 30 urteko ibilbideari amaiera ematen dion argitalpena. Gasteizko udaletxean aurkeztu du, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina eta Maria Nanclares Euskara zinegotziarekin batera.
Egitasmo zabal honetan, hiriburuaz gain, Gasteizko beste 64 herriak ere sartzen dira: Malizaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeetako lanak argitaratu ziren beste sasoi batean (4 liburuki); jarraian, Arratzua deritzonaren aldia iritsi zen (hiru liburukitan banatu zen ikerketaren emaitza), eta gaur Dibiñari dagokion bigarren CDa agertu da, liburuki itxuran. "Argitalpen hau, Dibiña II, merindadearen azterketaren bigarren zatiari dagokio eta herri hauetako toponimia biltzen du: Artatza, Gereña, Legarda, Mandoia, Martioda, Otobarren, Otogoien eta Uribarri Dibiña. Beraz, orain dela bi urte argitaratutako Dibiña I liburukiaren osagarri da", azaldu du Martinez de Madinak.
Dibiña II lanerako toponimiaren ikerketa 30.000 sarrera inguruko corpus batean oinarriturik egin da, eta, liburu honetan, gutxi gorabehera, 12.000 dokumentu-lekukotasun eta 984 sarrera toponimiko aurkeztu dira, hurrenkera egokian sailkatuak. Lanaren erabilgarritasunari erreparatu dio ikertzaileak: "Proiektu honek ondorio praktikoak izan ditu, berreskuratu ditugun izenak auzo edo leku berriak izendatzeko erabili izan direlako sarritan, eta desitxuratuta zeuden toponimoak zuzentzeko ere baliagarria izan da". Euskaltzaindiaren egitasmo erraldoi honen datu-baseak 400.000tik gora sarrera toponimiko ditu, bederatzi liburukietan 121.000 datu dokumental publikatu dira eta 13.086 sarrera toponimiko arautu.