Agirrelandan genero indarkeriari lotutako salaketak jartzeko espazioa eskatu du PPk

Juanma Gallego 2024ko aza. 11a, 12:39

Gonzalek aurreratu du ostiraleko osoko udal bilkurara eramango dutela proposamena. Argazkia: PP

Beren-beregi horretarako atondutako espazio bat eduki ez izanak biktimek "tratu konfidentzial eta segurua jasotzeko" duten eskubidea urratzen duela salatu du Aitor Gonzalez zinegotziak. 

Udaltzaingoak Agirrelandan duen komisarian genero indarkeriari lotutako salaketak jartzeko espazio "esklusiboa eta egokia" atontzeko eskatu du Alderdi Popularrak. Aitor Gonzalez zinegotziaren arabera, orain beste departamentu batzuekin partekatzen den espazio batean testigantza eman behar dute biktimek, baina, modu horretan, ez daude bermatuta "pribatutasuna, intimitatea eta konfidentzialtasuna". Gonzalezek dio horrek "tratu konfidentzial eta segurua jasotzeko eskubidea" zaildu egiten duela, eta, besteak beste, beren egoerarekin zerikusirik ez duten pertsonek ikusi edo entzuten dituztela salaketa horiek.

Agerraldi batean, Gonzalezek gogora ekarri du 2021 eta 2023 urte artean komisaria horretan genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren atestatuen kopurua %67,5 igo dela: 2021ean 237 izan ziren, eta 397 izatera iritsi ziren. Aurreratu du ostiraleko udal osoko bilkurara proposamena eramango dutela. Babestu du ez dela "kontu politiko" bat, "justizia eta erantzukizun sozialari" lotutako ekimena baizik. "Adingabeak eta genero indarkeriaren biktimak babestea gizarte gisa partekatutako lehentasuna" izan behar dela erantsi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago