Emakume kartagileak saria, indarkeria matxistaren kontrako ekintzaileei

Erredakzioa 2024ko aza. 8a, 15:34

Hil osteko saria emango diote Blanca Estrella Ruizi. Argazkia: CLARA CAMPOAMOR

Gasteizko Udalak sustatutako sari honen lehen edizioak hil berria den Blanca Estrella Ruiz Ungori emango diote, Clara Campoamor elkarteko presidentea.

Emakume Kartagileak saria emango du Gasteizko Udalak aurten, lehen aldiz, "hiriarekin lotura duten eta genero berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan lan egin duten pertsonen, elkarteen, kolektiboen eta erakundeen ibilbidea" nabarmentzeko. Hala iragarri du gaur hiriko alkate Maider Etxebarriak, eta lehen edizioan, hil osteko aitortza egingo diote Blanca Estrella Ruizi, Clara Campoamor elkarteko presidente izandakoari. "Genero berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin lotuta egindako lana eta ibilbidea aitortu nahi ditugu".

Sariari izena emateko, Emakume Kartagileak izena aukeratu dute, "hirian soldatapean lan egin zuen lehen emakumeen kolektiboetako bat izan zelako", azaldu du alkateak. 

Ekitaldia, azaroaren 21ean

Emakume Kartagileak aitortzaren lehen edizioa banatzeko ekitaldia datorren azaroaren 21ean egingo da, 18:00etatik aurrera, Gasteizko Goiuri jauregian. Ekitaldian, indarkeria matxistari eta arlo horrekin lotutako prebentzio eta errestaurazio lanari buruzko solasaldia egingo da. Bertan, hainbat esparrutatik, eta esperientzia eta ibilbide desberdinekin indarkeria matxistari aurre egiteko lehen urratsak egin zituzten pertsonek parte hartuko dute.

Honako hauek eskainiko dituzte beren gogoetak: Cecilia Piris, Arabako Clara Campoamor Elkarteko abokatua; Maitena Monroy, genero indarkerian aditua eta Espainian eta Latinoamerikan Autodefentsa Feministako prestakuntzan aitzindaria den fisioterapeuta; Miren Ortubai, abokatua, penalista, kriminologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko unibertsitate irakaslea; eta Cristina Gerrika-Etxebarria, psikologo klinikoa, genero indarkerian espezializatutako Hegoak Foru Zerbitzuko arreta psikosozialeko koordinatzailea.

Halaber, Mirena Nafarrate abeslari gasteiztarraren musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago