"Gaitasun" eta "konfiantza" falta argudiatu ditu Gurtubaik Bidaurre kargutik kentzeko

Erredakzioa 2024ko aza. 7a, 15:06

Iñaki Gurtubai Gasteizko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udaltzaingoaren komisario burua izan den Marian Bidaurre kargutik kentzeko erabakia berretsi du Herritarren Segurtasun zinegotziak goizean egindako agerraldian.

"Komisariordeekin lantaldea sortzeko gaitasun falta" eta "menpekoei lana desbideratzeko joera handia". Hori da Iñaki Gurtubai Gasteizko Herritarren Segurtasun zinegotziak orain arte Udaltzaingoaren burua izan den Marian Bidaurreren kontra bota dituen akusazioetako batzuk. Asteon jakin denez, udalak komisarioa kargutik kendu du. Gurtubaik udal batzordean agerraldia egin du goizean, erabakiaren arrazoiak azaltzeko.

Segurtasun zinegotziaren arabera, karguan egon den azken lau hilabeteetan Bidaurrek ez dio "behin ere  deitu". Horrek frogatuko luke, Gurtubairen ustetan, ez dagoela "inolako konfiantzarik komisarioaren, lehendakariaren eta zinegotziaren artean, lan on bat egiteko". Halaber, zinegotziak azaldu duenez, Udaltzaingoaren buruak bere soldatan %20ko osagarria du, erabateko prestutasunagatik. "Bada, esan du,  hamabost egunez oporretara joan dela, eta ezinezkoa zen berarekin harremanetan jartzea".

Auzitegien erabakia

Bidaurre joan den ekainean izendatu zuten komisario, eta Gasteizko Udaltzaingoaren burua izan den lehen emakumea da. Une hartan, auzitegiek baliogabetzat jo zuten Roberto Garcia Tobalina komisario izendatzea, eta komisario berria Bidaurre izatera behartu zuten udala. Bidaurre komisariordea zen ordura arte, eta, horregatik, komisario kargua hartu zuen aldi baterako, komisario berria aukeratzeko lehiaketa deitu arte.

Orain, ordea, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak kargutik kendu du Bidaurre, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi zuen Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiaren erabaki judizialaren kontra.

ELA sindikatuak salatu duenez "erabaki autoritarioa eta arbitrarioa" da udalak hartu duen hori, eta "diru xahutze itzela" suposatuko duela azpimarratu du."Milaka euroko kostua izango du Gasteizko herritarrentzat; izan ere, komisario lanpostuari dagozkion soldata ordaintzen jarraitu behar diote langile horri, prozesu garden baten arabera lanpostua bete arte". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago