Salburua auzoan, Norteko Trenbidearen kalean, eraikiko du Gasteizko Udalak adinekoentzako hurrengo etxebizitza komunitarioa. Udal gobernuaren eta EH Bildu taldearen arteko aurrekontu akordioan jasotako bi milioi euroko aurrekontuari esker aurrera aterako da hiriburuko laugarren udal etxebizitza komunitarioa. Mendekotasun egoeraren lehen gradua duten 65 urtetik gorako gasteiztarrei zuzendutako azpiegitura da hori.
21 Zabalguneak idatziko du proiektu arkitektonikoa eta bertan zehaztuko dira etxebizitzen kopuru zehatza eta eraikitze lanaren kostua. Aurreikuspenen arabera, proiektua 2024ko azken hilabeteetan idatziko dute, eta obrak 2025ean lizitatu eta hasiko dituzte. Lehen proiektuaren arabera, hamar plaza inguru prestatu ahal izango dira Norteko Trenbidearen kaleko 2. zenbakian dagoen 1.500 metro koadroko udal lonja batean.
Itxaron zerrenda
Egun, Gasteizko udalak hiru etxebizitza komunitario ditu hiriburuan: Los Molinos, Aurora eta San Prudentzio Adinekoei Laguntzeko Zentro Integrala. Los Molinosen eta Auroran, 10-12 pertsonako hiru bizikidetza-unitate daude, hiru solairutan (30+34 plaza) banatuta; San Prudentzio eraikinean, berriz, 4 bizikidetza-unitate daude, 64 plazarekin. Guztira, 128 plaza daude. Uneotan, itxaron zerrenda 200 pertsonatik gorakoa da, baina 100 pertsona baino gehiago daude etxebizitza komunitario pribatuetan ostatu hartuta, eta Udalak emandako prestazio ekonomikoa jasotzen dute kostuari aurre egiteko.
Azpiegitura berriaren aurkezpena egin dute gaur udaletxean. Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok azaldu duenez, "oso garrantzitsua da horrelako etxebizitzetan erabiltzaileen lehentasunak, intimitatea, eskubideak eta bizi proiektua errespetatzea, familiekiko, lagunekiko eta komunitatearekiko harremana ere erraztuz". Zinegotziak gaineratu duenez, "frogatuta dago etxebizitza horietan autonomia pertsonalaren maila hobetzen dela, gaitasunen narriadura prebenitzen dela eta isolamenduari aurre egiten zaiola".
Bestalde, EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok azpimarratu duenez, "erronka demografiko handi bat dugu aurrean, gure hirian etxebizitza komunitario bat eskuratzeko itxaron zerrendan dauden 200 adineko baino gehiagori kalitatezko arreta eskaini ahal izateko". Erakundeek adinekoen eskubideak arreta bereziz zaindu behar dituztela adierazi du zinegotziak, "eta eskura dugun tresna da eskatzaileei beharrezko baliabideak ematea. Hain zuzen ere, horrekin lotuta, etxebizitza komunitarioak urrats handia dira helburu hori lortzeko", esan du.