Olabide ikastolak, bertan dauzkaten sagarrondoak aprobetxatuz, urtero sagar zukua egitera animatzen ditu DBH 3. mailako ikasleak. Beraiekin izan gara prozesua ikusi eta tradizio honen nondik norakoak ezagutzeko.
Proiektuaren hasieran, prentsa eta pisoiak erabiltzen zituzten zukua egiteko, guztia eskuz eginez. Hala ere, gero birringailua lortu eta orain erraz txikitzen dituzte sagarrak. Behin birrinduta, geratzen den masa prentsa hidraulikora bota eta likidotu egiten da. Azken pausoa zukua pasteurizagailura botatzea da, honi bakteriak kentzeko.
Ariketa honek, edariaren sorkuntzaren pauso guztiak ezagutarazteaz aparte, beste ikasgaietan ere aplikatzeko ere balio du. Olabideko irakasle den Xabier Goikoetxeak esan bezala, "plastikan zukuaren botilen etiketak diseinatu eta sortzen dira, eta kimikan sagarren zein zukuaren analisiak egin daitezke, adibidez". Gainera, botilaratu ostean, ikasbidaiarako dirua lortzeko asmoarekin, saldu egiten dute zukua.
Aurten ez dute sagar kopuru handirik lortu, sagarrondoek bi urtetik behin ematen baitute fruitua eta, Goikoetxeak komentatu digunez, aurten zuhaitz bakarrak eman du. Beste urte batzuetan ozpina egiteko ere sobratu zaiela adierazi du irakasleak.