Talde Gune enpresak entseatzeko dituen lokalak erabili ahal izateko eskarien epea ireki du gaur Gasteizko Udalak, eta hilaren 18ra arte eskariak jasoko dituztela jakinarazi dute gaur. 28an, berriz, aukeran diren bi lokalak zein taldek erabili ahal izango dituzten jakinaraziko du udalak.
Ohar batean erakundeak adierazi duenez, udalaren Kultura sailak diruz laguntzen ditu entseguak egitea, ekoizpenak sortzea edota grabazioak egitea ahalbidetzen dituzten lokalen erabilera, kostuaren %60 bere gain hartuz. Hala, musika taldeek orduko hiru euro —prezio "sinbolikoa", udalaren hitzetan— ordaindu beharko dute lokala erabiltzen duten ordu bakoitzeko; solisten kasuan, orduko bi euroan jarri dute prezioa.
Orotara, bi lokal dira Talde Gune enpresak eskaintzen dituenak. Ekipo teknikoa dute lokalek, eta horietako bat bateria akustiko batez hornituta dago.
Udalak aurreratu du taldeek —gutxienez bi kidek osatutakoak— lehentasuna izango dutela, "zerbitzua hobetu aprobetxatu" aldera. Gutxienez astean bi orduz erabili beharko dira, baina ezingo dira hartu lau ordu baino gehiagoko denbora jarraian.