Adingabe bati sexu abusuak egiteagatik zigortu dute Gasteizko pub baten jabea

Erredakzioa 2024ko aza. 4a, 16:17

Arabako Probintzia Auzitegiak adingabe batek jasandako sexu abusuak zigortu ditu. Argazkia: ALEA

Material pornografikoa prestatzeagatik ere zigortu du Arabako Probintzia Auzitegiak, biktimari egindako sexu abusuak grabatu zituelako, baita beste adingabe batekin izandako sexu harremanak ere.

Arabako Probintzia Auzitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio Gasteizko pub baten jabeari, "mozkortuta eta sexu autodeterminaziorako gaitasunik gabe" zegoen adingabe bati sexu abusuak egiteagatik, eta material pornografikoa prestatzeagatik. Gizona zigortzeko froga nagusi bezala, auzitegiak pubaren segurtasun kameraren grabazioak baliatu ditu. Izan ere, gizonak baimenik gabe grabatu zituen adingabeari egindako sexu abusuak, baita beste adingabe batekin izan zituen sexu harremanak ere.

Epaitutako delituak 2021eko irailaren 2ko goizaldean jazo ziren. Puba itxi ostean, jabeak bi adingabeei –17 eta 16 urtekoak– "erronka edo txupitora" jokatzea proposatu zien. Auzitegiak zehaztu duenez, pubaren kameraren irudiek erakusten dute adingabea alkoholaren eraginpean zegoela. Horrela berretsi zuten, gainera, bi ordu eta erdi geroago egindako odol analisiek. Halaber, epaileak dio biktimak ez zuela akusatuak proposatu zituen sexu harremanetarako baimenik eman, eta ez zuela parte hartze aktiborik izan; "panpina zen" eta "egiten uzten dio", gaineratu du ebazpenak.

Bigarren adingabeari dagokionez, auzitegiak uste du bideoak "sexu harremanetan aktiboki parte hartzen duen" emakume bat erakusten duela, eta ez dagoela "zer egiten duen ez jakiteko bezain mozkortuta". Epaileak gaineratu duenez, "haren baimena baliozkoa da, hura emateko baldintza psiko-fisikoetan zegoelako, kontzientzia eta borondatea zituelako".

Material pornografikoa egitearen delituari dagokionez, ebazpenak jasotzen du pubeko segurtasun kameraren grabazioetan ikusten dela bi adingabeek gizonari eskatzen diotela gertatzen ari zena ez grabatzeko. Hala ere, auzitegiak ondorioztatu du berak "engainatu" egin zituela; izan ere, kamerak hartzen zuena ikusten zen monitorea itzali besterik ez zuen egin, grabatzen jarraitzen zuen bitartean, eta sexu harremanak kamera horren ikus eremuan egiteko tematu zen.

Zortzi urteko espetxe zigorraz gain, akusatuak 15.000 euroko kalte-ordaina eman behako dio adingabeetako bati eta 3.000 euroko kalte ordaina besteari; auzitegiak zaintzapeko askatasuna ere ezarri dio sei urteko espetxe zigorraren ondoren. Auzitegiak akusatuaren defentsak bidegabeko atzerapenagatik aurkeztu zuen aringarria onartu du, auzia izapidetzeko erabili den "moteltasunarekin" batera, ahozko epaiketara arte hiru urteko tartea egon delako, eta denbora hori "gehiegizkoa" dela uste du "gaiaren konplexutasunerako".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago