250 urte ospatuko ditu Arte eta Lanbide Eskolak, topaketa zein lantegien bidez

Erredakzioa 2024ko aza. 4a, 12:16

Goizean aurkeztu dute eskolaren 250. urtemugaren programa. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Karta sorta berri bat egingo dute lankidetzan Arte eta Lanbide Eskolak eta Fournier enpresak, 1877an Diaz de Olanok eskolaren enkarguz egindako karta sorta gogoratuz.

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urtemuga ospatzeko prestatu duten ekitaldien eta jardueren programaren aurkezpena egin dute astelehen goizean, Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko agintariek, Uxua Garcia Antoñana Eskolako zuzendariak eta Iñaki Zulueta ikasketaburuak. Hitzaldien eta lantegien sorta zabala prestatu dute hurrengo hilabeteetan ospakizunaren barruan; eta guztietan eskolatik igaro diren ikasleen eta irakasleen laguntza eta parte hartzea izango dute. "Bere ezagutza, esperientzia eta ibilbidea erakutsiko dizkiete ikasleei ez ezik, Gasteizko herritar guztiei ere".

Programa urrian hasi zen, David Jimenez argazkilariarekin, eta urtarrilean jarraituko du Carlota Nelsonekin eta Cristina García Roderoren dokumentalarekin –urtarrilaren 17an, Artiumen–; eta Maria Castellanos eta Alberto Valverderen Elementu interaktiboak eta soinudunak sorkuntza plastikoetan integratzeko hastapenak aurkezpenarekin. Otsaila izango da Sonia Estevez errealizadorearen eta Puy Diaz de Tuesta bertako artista eta irakasle ohiaren momentua. Ana Ruiz Larrea koadernatzaileak martxoan emango du bere lantegia; Eba Barrio zeramikariak apirilean hitzaldia eta tailerra; eta Juanan Requena nomada eta argazkilariak maiatzean.

Lankidetzak, ardatz

Ospakizunaren indarguneetako bat ikasturte honetan hiriko beste erakunde batzuekin egingo diren lankidetzak izango dira; besteak beste, Ardoaraba dela eta eskolan bertan ardo dastaketa bat egingo da; halaber, ikasleen lanak aurkeztuko dira Arabaclicken; eta produktu gozo bat sortuko da Artepanekin.

Nabarmendu dutenez, gainera, Naipes Heraclio Fournier SA enpresarekin karta sorta berri bat aterako dute. "Fournierrek eta eskolak harreman historiko eta luzea daukate. Enpresak berak eskatu zien, 1877an, karta sorta bat diseinatzeko Emilio Soubrier Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakasleari eta Diaz de Olano margolariari. Karta sorta hori, azkenean, Espainiako egungo karten atarikoa izan zen. Orain, 2024an, eskolak eta Fournierrek beren bideak batuko dituzte berriro, karta sorta berri bat eginez lankidetzan", azaldu dute.

Liburutegia zabalik, eta erakusketa

Bestelako ekimenen artean, 250. urteurrena dela eta, eskolako liburutegia ireki egingo da, bere funtsak erakusteko, hileko azken astean (asteazken eta ostiraletan, arratsaldez, eta ostegun goizetan). Gune horretan, azken bost urteetan katalogazio lan sakona egin da, bertako 8.000 aletik gora identifikatu, sailkatu eta ordenatzeko.

Era berean, otsailean erakusketa ibiltaria izango da, Andra Maria Zurian hasi eta Peñafloridako kondearen plazan kokatuko dena. Eskolaren historia jasoko du, eta emakumeek eskolan izan duten garrantzia aldarrikatuko du. 

Ekainean, ginga

2025eko ekainean jarriko diote ginga 250. urtemugari. Hala, ekainaren 7an, eskolan izan diren 1.100 ikasleri eskainitako festa egingo da, "belaunaldiz belaunaldi eskola horren giltzarria baitira". Egun horretan, musikak, festak, ikasturte amaierako erakusketek eta lantegi irekiek eraikina eta ondoko plaza hartuko dituzte.

Ekainaren 21ean, berriz, eskolak "opari bat eskaini nahi die Gasteizko herritar guztiei"; eta argiekin, koloreekin, musikarekin eta dantzarekin ondutako ikuskizun bat prestatu dute, Andre Maria Zuriaren plazatik. "Jose Uruñuela Udal Bandarekin eta Dantza Kontserbatorioarekin batera egindako lankidetzaren eta lanaren emaitza da ekitaldia, Eskolak bi erakunde horiekin harreman bikaina baitu", azpimarratu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago