Gaur jakinarazi dute Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak antolatutako Ikerlan feministen bosgarren lehiaketa, 4.800 euroko bi sari dituena. "Lehiaketa honen bidez, ezagutza eta ikerketa feminista sustatu nahi ditugu, gure hirian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko", adierazi du Ana Rosa Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak.
Pilar Rodriguez izan da saridunetako bat eta fikzioa, dokumentala eta animazioa erabiltzen dituzten lau lan zinematografikotan azaltzen diren aldarrikapen feministak ikertuko ditu "nortasun normatibo binarioak zalantzan jartzeko eta trans identitateak aldarrikatzeko". Mel Arranzen Azaletik azalera (2021), Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (2022), Esther Perez de Eulateren Excluidas del paraíso (2016) eta Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas (2023) filmak aztertuko ditu.
June Fernandez da beste irabazlea, Si no puedo perrear… Discursos y prácticas transfeministas, interseccionales y queer en torno a las expresiones culturales sexualizadas proiektuarekin. Horren bidez, kontranarratibak ikertuko ditu euskal disidentzia sexual eta kulturaletatik abiatuta. "Izan ere, adierazpen kultural sexualizatuak berriro beren egiteak sexu-askatasuna berresteko eta arau eta esparru moral zisheteropatriarkalen eta mendebaldekoen aurka egiteko era bat eskaintzen dute", azaldu du Fernandezek.
Bi ikerketak ikasturte honetan zehar garatuko dira eta, horretarako, EHUko AFIT-Antropologia Feminista Ikertaldea taldeko ikertzaile baten laguntza izango dute. Bi ikerketen aurkezpen publikoa ekainaren 5ean egingo da, 18:30ean, Emakumeen Etxean.