Gazteen alokairurako zortzi etxebizitza eraikiko dituzte Alde Zaharrean

Juanma Gallego 2024ko urr. 31a, 10:46

21 Zabalgunea hirigintza sozietatearen bitartez gauzatuko dute proiektua. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Logela bakarra edo bi izango dituzte pisuek, Barnekale Berriko 21-23 atarietan.

Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Barnekale Berriko 21-23 atarietan zortzi etxebizitza eraikiko ditu Gasteizko Udalak, gazteei begirako alokairura bideratzeko asmoz.

Orain hutsik dagoen orube batean eraikiko dute eraikin berria, eta "etxebizitza kolektiborako" bideratuko dutela azaldu dute Etxebizitza zinegotzi Borja Rodriguezek eta EH Bilduren bozeramaile Rocio Viterok. Hain justu, udal gobernuan dauden alderdien eta koalizio abertzalearen artean aurrekontuetarako adostutako akordioan jasota zegoen proiektuetako bat izan da hau. 

Udalaren arabera, "etxebizitzarako eskubidea bete ahal izateko higiezinen merkatuan sartu ezin diren gazteen eskariari erantzuteko" erabiliko dira zortzi etxebizitzak. Hartara, Rodriguezek adierazi du 21 Zabalgunea hirigintza sozietateak "Erdi Aroko Hirigunea berroneratzearen eta birgaitzearen aldeko konpromisoa" berresten duela eraikin berri honekin, gazteentzat "funtsezkoa alderdia" delako etxebizitza lortzea. Viterok, berriz, azpimarratu du etxebizitza politikak "lehentasunezkotzat" dituztela, eta "botere publikoei" dagokiela "esku hartzea" etxebizitzarako sarbidea bermatzeko.

Etxebizitzek logela bakarra edo bi izango dituztela aurreratu dute, eta egitasmoak Alde Zaharra "gaztetzen" eta "hiri bilbea eraikitzen eta finkatzen lagunduko duela" argudiatu dute. Hori ez ezik, "energetikoki efizientea eta jasangarria" izango da eraikina, eta "aztarna ekologiko txikia duten materialak" erabiliko dituzte lanetan, "bizilagunen konforta helburu".

Orotara, hiru solairu izango ditu, teilatupeaz eta beheko solairuaz gain. Solairu bakoitzean logela bakarreko edo biko etxebizitzak egongo dira, orientazioaren arabera. Beheko solairuan, berriz, merkataritzara bideraturako lokal bat izango dute, bai eta biltegi komuna eta garbiketa gela ere. Urte eta erdiko epea kalkulatu dute obra egiteko, 1.326.779 euroko aurrekontuarekin.

https://alea.tok-md.com/argazkiak/oXn/Barnekale_Berri_21_23_B_GASTEIZ.jpg

Orain hutsik dagoen orube batean egingo dituzte etxebizitzak. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago