Gamarra eta Araka arteko bidean argiteria jarri du Gasteizek

Juanma Gallego 2024ko urr. 31a, 09:44

Orotara 27 farola dira, egoeraren arabera erregulatuko diren "Estatuko lehenengoak", Artolazabalek esandakoaren arabera. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Artolazabalek dio orduen eta pertsonen arabera egokituko den Espainiako "lehenengo" argiteria dela.

Gamarra eta Araka arteko tartean, kilometro bateko luzera duen argiteria jarri du Gasteizko Udalak. Orain arte farolarik ez zuen tarte horretan 27 LED luminaria daude honezkero. Hala, modu honetan Arabako Teknologia Parkera joateko etorkizunean eraikiko den bidegorria eguneko argia ez dagoenean ere erabilgarri egingo duela orain martxan jarritako argiteriak.

Beatriz Artolazabal alkateordearen hitzetan, argi horiek dira "eguneko orduen eta pertsonen eta ibilgailuen joan-etorriaren arabera erregulatuko diren Estatuko lehenengoak". Intentsitatea eta kolore tenperatura aldatuko dituzte, egoeraren arabera. Udalak dio horrek "argi kutsadura gutxitzen" eta "energia aurrezten" lagunduko duela, eta bidegorria erabiliko duten "bide segurtasuna" ere indartuko duela.

Udalak aurreratu du bidegorriaren lanak egiteko proiektuaren plegua "amaitzen ari direla" udal teknikariak, eta "laster" aterako dela kontrataziora. Udalak "etorkizuneko bide hori eraikitzeko lanetan parte hartuko du Gamarratik egiten den Gasteizko irteera N-240 errepidearekin lotuko duen zati honetan". Kilometro inguruko tarte hori eraikitzeko miloi bat euroko aurrekontua kalkulatu dute. Handik aurrera, diputazioaren esku egongo da parkerainoko gainerako ibilbidea eraikitzeko ardura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago