Batasuna kuadrillak Santiago eguneko ekintzetan astoa erabili izana salatu du ATEA animaliei tratu etikoa ematearen aldeko elkarteak. Gasteizko Udalak astoa ateratzeko baimena eman izana "sinestezina" dela esan du elkarteak.
ATEAk azaldu bezala, administrazio lokalak ezin izango zion kuadrillari astoa ateratzeko behar zuten baimena eman, legeak esaten duena jarraitu izan balu. Sei artikulu aipatu dituzte, Animalien Ongizate eta Eskubideen Babespen legeari eta animaliak babesteko udal ordenantzari erreferentzia eginez, besteak beste. Gainera, astoaren erabilera egiteak, eta ez beste edozein animalirenak, honen inguruan barre egiteko bakarrik balio duela ere dio elkarteak: "Gure kulturak burugogor, zoro edo ergelaren ospe bidegabea atxiki dio [astoari], egiatan guztiz kontrakoa dela frogatuta dagoen arren". Horregatik guztiagatik, ATEAk, salaketaren bitartez, udalak sektoreko araudia aplikatzea eta blusa kuadrillari dagokion zigorra ezartzea espero du, "etorkizunean legea betetzearekin batera".
Batasuna blusa kuadrilla ez da animalien inguruko polemikatik urrun egon. Pasa den urteko jaietan ere, 2022an onartu zen animalien ongizatearen legearen harira, kuadrillak egin ohi zituen idi pasealdiak debekatu egin zituen Arabako Aldundiak.